2018an Ana de día zuzendu eta zuzendari berri onenaren Goya sarirako izendapena lortu ostean, Andrea Jaurrieta zinegile nafarrak (Iruñea, 1986) bere bigarren film luzeari ekingo dio laster. Urte amaieran filmatuko dute Urdaibain, eta Patricia Lopez Arnaiz gasteiztarra eta Alfredo Castro txiletarra izango ditu protagonista.
Mendeku istorio bat izango da, eta Jaurrietak "western garaikide" gisa sortu du proiektua. "Berrogei urte inguruko emakume bat kostako herrira itzultzen da, gaixorik eta aktore izateko saiakeraren porrota arrastaka eramanez. Duela 30 urte baino gehiago, nerabe bat besterik ez zela, sexu abusuak egin zizkion gizonari mendeku hartzera dator", azaldu du proiektuaren sortzaileak.
Patricia Lopez Arnaizek heroi bakarti baten rola beteko du lan honetan, Ane filmagatik Goya saria irabazi eta duela gutxi La Cima zinema aretoetan estreinatu ostean.