Koronabirusa

Maskara espazio itxietan erabiltzea ez da derrigorrezkoa dagoeneko

Erredakzioa 2022ko api. 20a, 08:52
Espainiako Gobernuak Aste Santua igaro arte itxaron du dekretua onartzeko. / PIXABAY

Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak maskararen derrigortasunari amaiera emango dion dekretua onartu du. Zenbait salbuespen mantenduko dira, besteak beste, osasun zentroetan, ospitaleetan, egoitzetan edo garraio publikoan, besteak beste.

Azkenean iritsi da maskarari agur esateko unea, 700 egun eta gero; momentuz behintzat. Izan ere, Aste Santua igarota, Espainiako Osasun Ministerioak bertan behera utzi du espazio itxietan maskara erabiltzeko derrigortasuna.

Gaur, apirilaren 19an, dekretua onartu du Ministroen Kontseiluak, eta neurria apirilaren 20tik aurrera sartuko da indarrean; hau da, asteazken honetan.

Nolanahi ere, maskararen derrigortasunaren amaiera ez da erabatekoa izango, hainbat salbuespen egongo baitira:

  • Oro har, espazio itxietan derrigorrezkoa izateari utziko dio, baita ekitaldi jendetsuetan edo kirol ekitaldietan ere.
  • Derrigorrezkoa izango da osasun zentroetan, ospitaleetan (ospitaleratutako pazienteak izan ezik), egoitzetan (egoiliarrak izan ezik), botiketan eta garraio publikoan, besteak beste.
  • Ikastetxeetan ez da derrigorrezkoa izango, ez irakasleentzat, ez ikasleentzat; hala ere, baliteke Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak irizpide bereziak ezartzea EAEko hezkuntza sisteman.
  • Lantoki bakoitzean maskararen erabileraren inguruko erabakia enpresa zein erakunde bakoitzeko lan arriskuen prebentziorako sailaren esku geldituko da.

Dena den, maskararen erabilera herritarren esku utziko duen etapa berri honetan, maskara "arduraz" erabiltzea gomendatu dute adituek, batez ere pertsona zaurgarrien edota aireztapen txarreko espazioen kasuan.

Arabako errenta kanpaina

Espainiako Gobernuak ezarritako salbuespenez gain, Arabako Foru Aldundiak maskara erabiltzera behartuko ditu errenta aitorpenaren kanpainako langileak, jende asko igarotzen delako eta instalazioen aireztapena eskasa eta artifiziala (mekanikoa, ez naturala) delako.

Gainera, foru instalazioetan eta pertsonen artean 1,5 metroko distantzia mantendu ezin den lekuetan jendea artatzen duten langileei maskararen erabilera mantentzea gomendatu die.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide