Garabide programa

Aldundiak 3,4 milioi euro inbertituko ditu 5.000 biztanletik beherako udalerrietan

Erredakzioa 2022ko api. 13a, 12:50

Garabide inbertsio-programa aurkezteko prentsaurrekoa. / Argazkia: AFA

Arabako Diputazioak 3,4 milioi euro bideratuko ditu 5.000 biztanletik beherako udalerrietan inbertsioak egiteko Garabide programara, azpiegiturak eta ekipamenduak hobetzeko eta lurralde oreka eta kohesioa sustatzeko.

Garabide izeneko diru-laguntza berria jarri du martxan Arabako Foru Aldundiak: Lurralde Orekaren Sailaren bitartez, guztira 3.360.000 euroz doitutako aparteko laguntza lerroak ahalbidetuko ditu, 5.000 biztanletik beherako udalerrietan inbertsioak finantzatzeko.

Horrela, foru erakundea, "landa eremuko udalerri txikien errealitateaz" jabetuta, indarrean dauden programak finkatu eta lurralde oreka zein kohesioa bultzatzeko programa berriak sortu nahi ditu. Gaur egun, besteak beste, indarrean daude Foru Planaren eta Obra eta Zerbitzuen, Obra Txikien eta Auzo Harremanen programak, baita larrialdietarako, ustekabeetarako, landa eremuan etxebizitzak birgaitzeko edota udalerri barruko garraiorako laguntzak ere.

"Arabako pertsona guztientzat pareko bizi kalitatea eta ongizatea lortzeko lan egiten dugu, bizilekua edozein dela ere", azaldu du Lurralde Orekaren diputatu Irma Basterrak, programa berriaren aurkezpenean.

Azpiegiturak eta ekipamenduak

Diputatuak azaldu duenez, programa berriaren xede diren inbertsioak oinarrizko azpiegituretako obrak eta ekipamendu obrak izan daitezke. Besteak beste, herriguneak egokitzea eta urbanizatzea; eraikinak, lokalak eta lurrak zerbitzu publikoetarako erostea, birgaitzea, berritzea edo eraberritzea; inbertsioak egitea industrialdeetan, energia aurrezteko eta energia berriztagarria sortzeko; eskala txikiko azpiegiturak sortzea turismoari lotuta; elementu txikiak konpontzea, birmoldatzea, ordeztea edo berritzea; edo inbertsioak egitea enpresa ekimenak hartzen dituzten edo merkataritza instalazioa sustatzen duten lokaletan.

Interesa duten udalerriek ekainaren 15era arte izango dute eskabideak aurkezteko aukera, Arabako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago