Datu onak Arabako Foru Ogasunarentzat: 2022ko lehen hiruhilekoan —urtarriletik martxora bitartean— 385,6 milioi euro bildu ditu, aurreko urteko aldi berean baino 27,4 milioi gehiago; hau da, diru bilketak %7,7ko hazkundea izan du.
Aldundiaren arabera, egoera horretan eragina izan dezake bai aurreko urtean jarduera moteldu izanak, bai zerga jakin batzuen ordainketak 2021eko bigarren seihilekora arte atzeratu izanak.
Hazkundea hobea izan da zuzeneko zergetan zeharkako zergetan baino, hein handi batean zeharkako zergen itzulketak arintzeko egindako ahaleginaren ondorioz: lehenengoak %10,4 igo dira, eta zeharkako zergak, berriz, %2,4.
Zuzeneko zergak
Guztira, 231,2 milioi euro bildu ditu Arabako Ogasunak zuzeneko zergen bitartez: PFEZaren bidez, 214,5 milioi euro (iaz baino 19,7 milioi euro gehiago); eta sozietateen gaineko zergaren bitartez, berriz, 10,8 milioi euro (iaz baino %33,4 gehiago).
Zeharkako zergak
Bestalde, zeharkako zergen bidez 151,4 milioi euro bildu dira: BEZaren bitartez, 111,7 milioi euro (iaz baino %0,7 gutxiago); eta Hidrokarburoen gaineko Zergaren bidez, ordea, 19,7 milioi euro (iaz baino 3,2 milioi gehiego; hau da, %19,7 gehiago).