Euskara enpresetara eramateko erronkari berrekin diote

Erredakzioa 2022ko api. 12a, 18:25

Iazko esperientzian sakondu nahi dute aurten, eta eragile berriak batu. AFA

Arabako Enpresen Foroaren bitartez, aurten ere arlo sozioekonomikoan hizkuntza kudeaketaz kezkatuta dauden erakundeei bideratutako esperientzian sakonduko dute.

Iaz hasitako bideari jarraipena emango diote 2022an. Izan ere, Arabako Aldundiko Euskara Zerbitzuak enpresetan euskara sustatzeko martxan duen Arabako Enpresen Foroaren aurtengo topaketak aurki hasiko dira.

Dagoeneko aurten egitekoa den egutegiaren berri eman dute, eta egun gutxi barri etorriko da lehen hitzordua. Orotara, lau bilera egingo dituzte. Europa Biltzar Etxean maiatzaren 3an egingo den lehen bilera iazko dinamikan parte hartu ez zutenentzako hitzordua izango da. Bilera hori enpresa berriak erakartzeko baliatu nahi dute, eta egun horretan jasotako esperientziak gainerako parte hartzaileekin partekatuko dituzte ondoren. Hurrengo bilerak —partaide guztiekin—, maiatzaren 19an, ekainaren 8an eta ekainaren 30ean izango dira. 

Ohar batean foru erakundeak nabarmendu duenez, iazko bileretan "erronkak identifikatu" eta horiek lantzeari ekin zioten. Aurten, baina, "ekintzak eta pertsona estrategikoak" identifikatzeko ardura hartuko dute foroan bildutakoek, "konpromisoa hartzeko eta urratsak emateko". Norabide horretan, "lehentasunekotzat" jo dute hizkuntza gaitasuna eta komunikazioa lantzea.

Izena eman ahal izateko online formulario bat martxan jarri dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago