Josean Kerejeta: "Inoiz baino beharrezkoagoa da batasuna eta jokalarien ahalegin handiena"

Erredakzioa 2022ko api. 12a, 17:46
Josean Kerejeta, Alavesen akziodun nagusia. / EITB

Salbazioa "zaila baina posible" dela esan du, eta zaleen jarrera txalotu.

Alavesek bizi duen egoera zailaren aurrean, eta jasotako kritikei erantzunez, Josean Kerejeta taldeko akziodun nagusiak azalpenak eman ditu gaur. Ohar baten bitartez, esan du orain arte hartutako erabaki guztiak "taldearen salbazioa lortzeko helburuarekin" hartu direla, eta mailari eustea posible dela, "erronka zaila den arren".

Hori lortzeko, bi faktore aipatu ditu Kerejetak. Alde batetik, zaleei egin die keinua, eta egoera zailean ere "gozatzen" dakitela gogoratu. "Kirol arloan eta baita ekonomia eta osasun arloan ere egoera zaila bada ere, gurekin bidaiatzen jarraitzen dute eta 90 minutuetan babesa ematen digute. Gure zaleak paregabekoak dira, klubaren balioak ordezkatzen dituen jende oldea: ahalegina, apaltasuna eta sakrifizioa". 

Hain zuzen, harmailetako jarrera hori zelaian ere eman behar dela gogoratu du, mailari eusteko helburua lortzeko. "Gure jokalariek dena eman behar dute. Arnasa geratzen ez zaiela ikusten dutenean, harmailetara begiratu eta haien eredua jarraitu amaiera arte. Joseluk, Duartek, Pinak... denek eman dezatela geratzen zaiena zaleei dena posible izango den itxaropena eskaintzeko".

Kerejetak aitortu du "urte zaila" izaten ari dela, eta pandemiak Mendizorrotza betiko Mendizorrotza izatea baldintzatu duela. "Baina gure konpromisoa erabatekoa da, eta hartutako erabaki guztiak mailari eusteko helburua lortzera bideratu dira". Harmailak gaur arte eman duena emanez eta jokalariek "dena emanez" helburua lortu daitekeela uste du. "Zaila den arren, klub honetan aitzakiak eta amore ematea ez dira aukera bat".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide