Ertzaintzak, Eusko Jaurlaritzak eta EHUk Euskadiko Gorroto Gertakariei buruzko 2021eko Txostena argitaratu dute astelehen honetan, EAEko gorroto delituen datuak plazaratzeko.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako datu orokorrei dagokienez, 279 gorroto gertakari erregistratu ziren 2021ean, eta horietatik gehienak biktimaren etniarekin (162) edo sexu-orientazioarekin (73) lotutako lesio delituak izan ziren. Arrazakeriarekin edo xenefobiarekin lotutako delituen kasu gehienetan, arabiarren, latinoamerikarren eta beltzen aurkako erasoak izan dira, hurrenez hurren. Deliturik ohikoenak lesioak izan ziren, eta erasotzailearen profila 35 urteko gizonezko euskal herritarra izan zen.
Gorroto delituen kopurua %15 hazi zen iaz, aurrekoarekin alderatuta. Eusko Jaurlaritzaren ustez, portaera horien aurkako "kontzientzia soziala" eta "Poliziaren prestakuntza hobea" dira hazkunde horren arrazoi nagusiak.
Araban, delituen %15,88
Delituen banaketa espazialari dagokionez, 279 delituetatik 44 Araban erregistratu ziren; hau da, EAEko delituen %15,88, bosten bat baino zertxobait gutxiago. Gainera, Gasteiz delitu gehien erregistratu zituzten udalerrien artean bigarrena da, 35 deliturekin (%12,68), Bilboren atzetik eta Irunen aurretik.
Arrazakeriarekin lotutako 162 delituetatik, 22 kasu Araban erregistratu ziren (%13,58), aurreko urtean zeukan kopururen antzera.
Biktimaren sexu-orientazioan oinarritutako 73 gorroto delituetatik, gertakari gehienak Bizkaian (% 54,79) eta Gipuzkoan (% 31,51) gertatu dira. Araban, berriz, guztira 9 delitu atzeman ziren (%13,7).
Biktimaren dibertsitate funtzionalarekin lotutako kasuei dagokienez, erdia Bizkaian erregistratuak izan ziren (bost kasu). Gainerako kasuetatik, hiru Araban gertatu ziren, eta beste bi Gipuzkoan.
Azkenik, Araban ideologia edo orientazio politikoarekin lotutako bost delitu atzeman ziren; atal horretako delitu gehien erregistratu dituen herrialdea da Araba, Bizkaia (4) eta Gipuzkoaren (1) aurretik.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!