Apirileko elurteak suposatu duen anomalia pasata, udaberriak bere ohiko ibilbidea jarraitzen du: elurrak makurtutako lore gehienak zutik jartzen ari dira, hegadun inurriek ezkontza hegaldiak hasi dituzte —inurritegi berriak sortuko direla bermatzeko— eta pinu beldarrek haien ibilaldiei berrekin diete.
Iragarpenari dagokionez, hodei batzuk izango ditugu gaurkoan, eta batez ere ugariagoak izango dira arratsaldean; euria ere bota dezakete. Norabide aldakorreko haize bizia izango dugu, zenbaitetan zakar. Hotz askorik ez da egongo: 8 eta 14 gradu arteko tenperaturak espero dira.
Asteburuari begira, larunbatean hodeiak goizean mantenduko dira, eta euria botako dute, baina arratsaldean zerua garbitzen joango da. Igandean are garbiago egongo da ortzia. Azken asteotako hotzaren aldean, tenperatura nahiko epelak mantenduko dira, batez ere igandean.