Programazioa

San Prudentzio eta Estibalizko jaiak jardueraz beterik datoz

Erredakzioa 2022ko api. 7a, 13:00
2019ko ekitaldi jendetsua Probintzia plazan, pandemia iritsi aurretik. / Argazkia: AFA-QUINTAS

Arabako Foru Aldundiak eta Armentiako Administrazio Batzarrak ia 80 jarduera programatu dituzte aurten San Prudentzio eta Estibalizko Andre Mariaren jaietarako. Apirilaren 22an hasiko dira, pregoiarekin, eta maiatzaren 1ean amaitu, Estibalizko erromeriarekin.

Gertu daude San Prudentzio eta Estibalizko Andre Mariaren omenezko Arabako jaiak, eta Ana del Val Kultura Saileko foru diputatuak ostegun honetan aurkeztu du aurtengo programazioa: "Festa bera ez ezik, festak berekin dakarren guztia ere berreskuratzen dugu: alaitasuna, dantza, adiskidetasuna, laguntasuna, janariak, musika, tradizioa, espiritualitatea, sentimendua eta, bi urte oso gogorren ondoren, bizitzeko eta gozatzeko gogoa, igaro dugun guztiarengatik hain zuzen ere", ospatu du diputatuak.

Gainera, Aldundiak antolatutako egitarauaz gain, Armentiako Administrazio Batzarrak jarduera ugari antolatu ditu apirilean eta maiatzean zehar: txapelketak, ikuskizunak, dantzaldiak, kirol jarduerak...

Pregoia

Ospakizunak apirilaren 22an hasiko dira, Maria Angeles Garcia Fidalgo fisikari eta Bioaraba Osasun Ikerketa Institutuko zuzendari zientifikoaren pregoiarekin; Big Band Berri orkestrak ukitu musikala jarriko dio ekitaldiari.

Ondoren, bederatzi egunez, hitzordu andana izango dira. Bi urteko pandemiaren ostean, 80 jarduera inguru antolatu dituzte. Hilaren 23an, larunbatean, jarduera egun oso bat diseinatuta dago hirian zehar: gastronomia lehiaketa, kuadrillen erakusketa, dantza, fanfarreen kalejirak eta kontzertuak izango dira, besteak beste.

Apirilaren 24an, igandean, Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia protagonista dituen Losers antzezlana eskainiko dute Principal Antzokian, 19:00etan.

Hilaren 25eko atsedenaren ostean, 26an, asteartean, Arabako festen inguruko argazki historikoen erakusketa bat egingo da. Funts Historikoaren argazkiak 8x5 metroko pantaila handi batean proiektatuko dira: Fanfarre Eguneko irudiak, Estibaliz egunekoak, Armentiako erromeriakoak...

Erretreta eta danborrada

Hurrengo hitzordua San Prudentzioko erretreta eta danborrada izango dira, hilaren 27an, asteazkenean:

  • Erretretak: 20:00etatik 21:00etara Plaza Berrian, udaletxetik; eta 21:00etatik 22:00etara Aldundiaren jauregiko balkoitik.
  • Erretretako joaldien artean: Hutsun eta Ortziren emanaldiak, Urbasa obraren egokitzapenarekin, eta antzerkia Hika Teatroa konpainiaren eskutik, Gazte obraren egokitzapenarekin.
  • Su artifizialak: 22:00etan hiriko zenbait tokitatik.
  • Danborrada: 23:30ean, gastronomia elkarteen desfileak, Probintzia plazatik; ondoren, 00:30ean, herri dantzaldia Arka plazan, Joselu Anaiak taldearen eskutik.

Armentiako eguna

Herritarrek gehien espero duten itzulera, ezbairik gabe, Armentiako egun tradizionala izango da, apirilaren 28an, ostegunean. Egun osoko egitaraua egongo da. 9:00etan, Araba Zortzikoa interpretatuko du Aldundiko txistularien eta tronpetarien bandak, Probintzia plazan; ondoren, besteak beste, haurren danborrada, prozesioa, elizkizunak, dantzarien emanaldiak, haurrentzako jolasgunea, txarangak, txokolatada, herri kirolak, eta Trikidantz eta Rocka Familian taldeen kontzertuak izango dira egunean zehar.

Baina hitzorduak ez dira Armentiako egunarekin amaituko. Hilaren 29an, ostiralean, 80. hamarkadari omenaldi kontzertua eskainiko dute Plaza Berrian, ABBA eta Guns and Roses taldeen soinuekin.

Estibalizko erromeria

Eta, azkenik, maiatzaren 1ean, igandean, Estibalizko erromeria egingo da. Egun osoan zehar, pintura lehiaketa, azoka, sukaldaritza lehiaketa Arabako patatekin, meza, bisita gidatua, haurrentzako jolasgunea, tailerrak, herri kirolak, dantzak, herri bazkaria, haur animazioa izango dira, besteak beste.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide