Zinemaren historian ibilbidea egingo du Artiumek

Erredakzioa 2022ko api. 7a, 10:27
Gaur hasiko da zikloa 'L’Horloger de Saint Paul' pelikularekin. /Artium

Lumière zikloaren bitartez, besteak beste, Bertrand Tavernier, Krzysztof Kieslowski, Sergio Leone edo Wim Wendersen lanak eskainiko ditu; jatorrizko bertsioan izango dira, gaztelania edo euskarazko azpitituluekin.

Gaurtik aurrera, apirilak 7, Artium museoak Lumière Emanaldiak izeneko zinema zikloaren proiekzioak hasiko ditu Bertrand Tavernier-en L’Horloger de Saint Paul filmarekin. Euskadiko Filmategiak programatutako ziklo honetan zinemaren historia errepasatuko dute ostegunero apirilean, maiatzean eta ekainean, Lyongo Lumière Institutuaren ibilbideko hamaika klasiko garrantzitsuenetakoen bidez. 1982an sortu zen institutua, Lumiere anaiek zinematografoa sortu zuten leku berean. Besteak beste Bertrand Tavernier, Krzysztof Kieslowski, Sergio Leone, Wim Wenders, Ida Lupino edo Jean-Pierre Melville zinemagileen lanak biltzen dituen sorta eklektiko hau, gainera, Tabakaleran (Donostia), Bilboko Arte Ederren Museoan eta Iruñeko Golem eta Donibane Lohizuneko Le Select zinemetan eskainiko dute. Sarrerak museoko leihatilan eta webgunean daude salgai.

Bertrand Tavernier (1941-2021) zinemagile liondarraren film ezagunenetako batek emango dio hasiera zikloari: L’Horloger de Saint Paul (1974), bere lehen filma eta bere jaioterrian grabatua. Zikloaren kartelaren protagonistak, Irene Jacobek, ere bere lanik aipagarrienetako bat du programan: La double vie de Véronique (Krzysztof Kieslowski, 1991), Cannesen emakumezko aktore onenaren saria irabazi zuena. Thierry Fremaux, Lumiere Institutuko zuzendaria eta Cannesko zinema jaialdiaren zuzendaria, Emanaldietan lekua izango du Lumière! L'aventure commence (2016) pelikularen bitartez, Lumière anaien film harrigarrietara egindako bidaia adierazgarria.

Era batera edo bestera Institutuari eta Lumiere Jaialdiari lotutako beste titulu batzuk ere proiektatuko dira: Clint Eastwood, Elli Wallach eta Lee Van Cleef protagonista dituen spaguetti westernaren klasikoa ere proiektatuko da, Il buono, il brutto, il cattivo (Sergio Leone, 1966); Scarecrow (Jerry Schatzberg, 1973), Ameriketako Estatu Batuen erretratua, bi izaki marjinalen bidez, Gene Hackmanek eta Al Pacinok antzeztua; eta The red shoes (Michael Powell eta Emeric Pressburger, 1948), Britainiar zinemaren funtsezko izenburua. Honako lan hauek ere proiektatuko dira: Alice in den Städten (Wim Wenders, 1974), 50 urte geroago modernitatea mantentzen duen road movie bat; The Bigamist (Ida Lupino, 1953), bere garaiari aurreratutako istorioa, non Ida Lupino, Hollywood klasikoaren aitzindarietako bat, protagonista eta zuzendaria da; eta duela gutxi berritutako zinemagintza frantsesaren hiru maisulan: La Belle Équipe (Julien Duvivier, 1936), Le Corbeau (Henri-Georges Clouzot, 1943) eta L'Armée des ombres (Jean-Pierre Melville, 1969).

Lumière Emanaldiez gain, Euskadiko Filmategiak saio berezi bat programatu du 2022ko bigarren hiruhilekoa ixteko: Ere erera baleibu icik subua aruaren… (1970), Jose Antonio Sistiagak 35 mm-ko zeluloidean eskuz margotu zuen filma, pinturaren eta zinema esperimentalaren arteko esperientzia aitzindari bat.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide