'Igerilekua' erakusketa aurkeztu du Javier Berasaluzek

Erredakzioa 2022ko api. 6a, 14:32
Maiatzaren 15era arte ikus daiteke Berasaluzeren lana Amarica aretoan. / Foru Aldundia

Erakusketak formatu handiko sei lan eta bi panel interaktibo ditu; argazkiak lekuz alda daitezke eta 300.000 konposizio desberdin sor daitezke.

Maiatzaren 15era bitartean, Javier Berasaluze Bajoren Igerilekua erakusketa ikus daiteke Gasteizko Amarica aretoan. Lana autobiografikoa da, egileak leku zehatz batean hogei urtetan zehar bizitakoa eta imajinatutakoa nahasten; Alacanteko familia apartamentu bateko igerilekuan. 

Esperientzia pertsonaletik abiatutako proiektua dela azaldu du argazkilariak: "Bizi garenaren sentsazioak, atzamarren artean urak bezala ihes egiten diguten horiek, atzemateko asmoz egiten ditugu argazkiak. Eta, partez, lortu egiten dugu. Zuzeneko eran, adimenaren aparteko ahaleginik egin gabe, geure irudiei begiratzen diegu eta egon ginen leku eta denboretara aldatzen gara era sotil baina sendoan".

Erakusketako lan guztiak 35 mm-ko film analogikozko originaletatik sortuak dira. Formatu handiko sei lan eta bi panel interaktibo ditu, eta argazkiak horizontalean eta bertikalean lekuz alda daitezke, ia 300.000 konposizio desberdin sortuta.

Argazkigintza lanak

Javier Berasaluze Bajok (Madril, 1957) bere lan-bizitzaren hasieran urte batzuk eman bazituen ere ikasi zuen lanbidean, Arkitektura Teknikoan alegia, laster lortu zuen interesatzen zitzaionean jardutea, hau da, argazkigintzan. Hasieran argazkigintza teknika irakatsi zuen Helduen Hezkuntza Iraunkorreko lantegietan, 1985ean, eta 1989an Gasteizko Udal Agiritegiko argazki funtsen zaintzaile-kopiatzaile izendatu zuten.

Banakako eta taldeko erakusketa askotan parte hartu izan du, eta bere karreran zehar, hainbat sari jaso ditu. Horien artean, nabarmentzen dira 2019ko ArteVital Lehiaketako lehenengo saria eta Caminos de Hierro lehiaketako finalera heldu izana (Madril, 2020). Haren argazkigintza lanak erakusketa publiko eta pribatu askotan aurkitzen dira, hala nola Artiumen eta Madrilgo Arte Ederren San Fernando Akademian.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide