Azkenean iritsi da maskarari agur esateko unea; momentuz behintzat. Izan ere, Espainiako Osasun Ministerioak bertan behera utziko du espazio itxietan maskara erabiltzeko derrigortasuna, baina Aste Santua igaro arte atzeratuko du erabakia, adituen gomendioari jarraituz.
Apirilaren 19an onartuko dute dekretua, Ministroen Kontseiluaren bileran, eta litekeena da neurria apirilaren 20tik aurrera indarrean sartzea; hau da, hurrengo egunean.
Nolanahi ere, maskararen derrigortasunaren amaiera ez da erabatekoa izango, hainbat salbuespen egongo baitira: adibidez, ikastetxeetan derrigorrezkoa izateari utziko dio, baina nahitaezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan, adinekoen egoitzetan eta garraio publikoan, besteak beste. Gainera, etapa berri honetan, maskara "arduraz" erabiltzea gomendatu dute adituek, batez ere pertsona zaurgarrien edota aireztapen txarreko espazioen kasuan.
Carolina Darias Osasun ministroak autonomia erkidegoetako sailburuei jakinarazi die erabakia, asteazken honetan Toledon egiten ari diren Lurralde arteko Osasun Kontseiluan. Dagoeneko koronabirusaren transmisioari aurre egiteko neurri eraginkorra ez dela iritzita eta zenbait autonomia erkidegoko arduradunek eskatuta iritsi da neurria.
Informazioa eguneratzen ari gara.