Astearte honetan, hitzarmen berria negoziatzeko 27. bilera zuten Mercedeseko zuzendaritzak eta enpresa batzordeak. Bertan, Gasteizko lantegiari eskari berri bat esleituko zaion ikusi arte negoziazio prozesua geldiarazteko erabakia jakinarazi du zuzendaritzak; izan ere, ibilgailu elektriko berri batekin lotutako esleipen hori gauzatu ezean, negoziazioaren baldintzak aldatuko liratekeela dio enpresak.
Arratsaldean zabaldutako ohar batean, ELA sindikatuak gogor kritikatu du erabakia, "norabide aldaketa hori zuzendaritzak plantillari presioa egiteko estrategia bat" dela salatuz: "Baliteke enpresak negoziazioa eten izana denbora batez hoztu eta gero berriro aktibatzeko. Horrela, Alemaniaren presiopean ari garela argudiatuta, arineketan azken proposamena baino okerragoa izango den akordio bat sinatzera behartu nahiko ditu langileak".
"Gogoratu beharra dago Ingo Ettischer Vanseko Estrategia arduradunak malgutasuna eta soldata igoerak egungo testuinguruaren eta enpresaren irabazien oso azpitik jasotzen zituen proposamena egin zuela orain dela bost egun", gogorarazi du sindikatuak. "Gaur, berriz, zuzendaritzak alde bakarrez negoziazioa gelditzea erabaki du. Onartezina da negoziazioan norabide aldaketak egitea eta enpresa bere postaren bidez langileekin komunikatzea, langileen ordezkaritzaren bitartez izan beharrean".
"Ezin da onartu enpresak erritmoak markatzea eta aldebakarreko erreferenduma noiz deituko duen mehatxupean bizitzea, negoziazio kolektibo demokratikoaren arauak urratuz", deitoratu du ELAk, "benetako negoziazioari ekitea eta soldata igoerak, malgutasunaren mugak eta enplegu bermeak barne hartuko dituen edukiak bermatzea" exijituz.