Mendilibar kargutik kendu du Alavesek

Erredakzioa 2022ko apirilaren 5a

Zuzendutako hamabi partidetako bakarra irabazi du Mendilibarrek. / Argazkia: ALAVES

Hamabi partida jokatu ondoren, Jose Luis Mendilibarrek Alaveseko entrenatzaile izateari utzi dio. Julio Velazquezek ordeztuko du, Lehen Mailan jarraitzeko helburuarekin.

Astelehen honetan, entrenatzailearen kontratua bertan behera uzteko akordio batera iritsi dira Alaves eta Jose Luis Mendilibar. Zaldibarko entrenatzailea abenduaren amaieran iritsi zen Mendizorrotzera, jaitsiera postuetan zegoen taldearen hegaldia iraultzeko helburuarekin.

Egindako "ahalegin handia" nabarmenduta ere, emaitza "espero zena" izan ez dela uste du klubak, bizkaitarrak zuzendutako hamabi partidetan garaipen bakarra lortu delako eta taldea salbaziotik sei puntura dagoelako. "Alavesen eginbeharra mailari eusteko helburua lortzeko ahalegin guztiak egitea da, eta, beraz, erabaki zail hori hartzen du, salbazioa posible dela sinetsita", adierazi du taldeko zuzendaritzak.

Klubak Jose Luis Mendilibarren "ahalegina eta dedikazioa" eskertu ditu: "Eskerrik asko zure lanagatik, Mendi, eta zorte on etorkizunean".

Julio Velazquez, entrenatzaile berria

Mendilibar ordeztu eta hemendik aurrera Arabako taldea zuzenduko duen entrenatzaile berria Julio Velazquez (Salamanca, 1981) da. Gaztea izan arren, Velazquezek hainbat talde zuzendu ditu Espainian, Italian eta, batez ere, Portugalen, eta Lehen Mailan jarraitzeko helburua bilatuko du. Egoera zailean dauden klubak hartu eta indarberritzean espezialista dela diote adituek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago