1.199 kexa jaso ditu Behatokiak

Erredakzioa 2022ko api. 1a, 08:00

092 zerbitzuan "en castellano, por favor" erantzun zioten euskaraz arreta eskatu zuen bizilagun bati. ALEA

Urraketak betikotzeko arriskuaz ohartarazi du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, 2021. urteko txostenaren aurkezpena egin duen egunean. Administrazioa eta zerbitzu publikoak izan dira kexa gehienen iturri.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak aurkeztu duen 2021eko urteko txostenak "argi gorria" pizteko moduko datuak jaso ditu. "Urte hauetan emandako pausoak edo egindako lorpenak arriskuan izan daitezke aurrerantzean", ziurtatu du Agurne Gaubeka erakundeko zuzendariak.  "Tamalez, urte hauetako neurriek erritmo mantsoegia izan dute, eta eremu batzuetan atzerapausoak ikusi ditugu",  azaldu du Garbiñe Petriati Behatokiko teknikariak.

Behatokiko eledunek azpimarratu dute ohiko hutsuneak urtero bezala errepikatu direla Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. "Administrazioen hizkuntz lehentasunak hiztun kopuruaren arabera edo eremuka ezartzeak lotura zuzena du herritarren hizkuntz eskubideak berdintasunean ez bermatzearekin", esan dute.

Ildo horretan, herritarrek hutsune nabarmenenak segurtasun eta herrizaingoan edo osasungintzan aurkitu dituzte, baina oraindik hezkuntzaren alorrean zein zerbitzu orokorrei lotutako modernizazioan ere euskarazko zerbitzuak jasotzeko arazoak daude.Guztira, Hego Euskal Herrian 1.199 kexa jaso ditu Behatokiak, 2020ko pandemia urtean baino %15 gehiago. Administrazioa eta zerbitzu publikoak izan dira kexa gehienen iturri, eta hauetatik, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko administrazioak izan dira kexa gehien jaso dituzten erakundeak. Izan ere, sektore publikoan jasotako kexa guztietatik (867) gehienak (282) Eusko Jaurlaritzaren kontrakoak izan dira. Gasteizko Udalak, berriz, 46 kexa jaso ditu, Arabako beste udalek lau eta Arabako Foru Aldundiak bost.

Euskara, epaitegietan

Egoera horretan, gainera, zerbitzu publikoetan hizkuntza eskubideak bermatzeari begira hartutako neurriekiko kontrako jarrerak eta epaitegietan zein araubidean muga nabarmenak sortzen ari direla nabarmendu du Behatokiak, eta horiek hurrengo urteetan bestelako urratsak egin ahal izateko "oztopo nagusi" izan daitezkeela azaldu dute. Erakundearen ustetan, hizkuntza politika kaltetu dezakete epaitegietan hartu diren hainbat erabakik, "eta badirudike, aurrerantzean ere epaitegiek lanpostu publikoekiko zein administrazio orokor eta toki administrazioetan herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko hartzen diren bestelako neurriak baldintzatzera jo dezaketela". Hala, gogoratu dute, iazko irailean, EAEko Auzitegi Nagusiak Udalen legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren esku uztea erabaki zuela. "Horrela, udaletan euskararen erabilera baldintzatu dezake Auzitegi Konstituzionalak Espainiako Konstituzioaren kontrakoa dela esanez". 

Eremu sozioekonomikoan

2021ean ere herritarrek Euskal Herri osoko merkataritza gune edo kate handietan emandako urraketak nabarmendu dituzte; ostalaritzakoak, interes orokorretako zerbitzuetan gertatzen direnak –energia hornitzaileak, garraioa, telekomunikazioa–  edo aisialdiaren esparruan –kultura eta kirola– ematen diren hizkuntza eskubideen urraketak. Izan ere, Petriati teknikariaren hitzetan, "Behatokitik egiaztatu dugu zerbitzu horietan euskarak gero eta espazio gutxiago izaten duela, eta legearen betebeharra dagoenetan ere, euskarazko arreta eta zerbitzuak jasotzea gero eta zailagoa izaten dela. Gaztelania eta frantsesaz gaindi, eremu hauetan ingelesak ere euskarak baino toki nabariagoa hartzen baitu hainbat arlotan", azpimarratu du.

Bestalde, aisian eta kultura arloan euskarazko eskaintza faltak edo euskarazko eskaintza urriagoa izateak herritarren kontsumo ohituretan eragin dezakeen kaltearen inguruko egonezina, eta, etorkizunari begira, txiki eta gazteei bideratutako eskaintza zein mezuekiko kezka dagoela nabaritu du Petriatik.

Hiru adibide besterik ez.

Behatokiak Araban jasotako kexa artean hiru hauek daude:

  • "The Grand Wines enpresak Errioxako ardoa bultzatzeko on line erosketa plataforma bat sortu du kontsumitzaileentzat. Enpresa honek Arabako Foru Aldundiaren dirua jaso du horretarako, baina web orria ez dago euskaraz; gaztelaniaz eta ingelesez baino ez".
  • "Salburuko parkean nengoela, 092 telefonora deitu nuen, kale-zurrutean zeudelako gazte batzuk modu txarrean aurre egin zigutelako. 092 zerbitzuan ezin izan nuen euskaraz egin, telefonoa hartu zuenak "en castellano, por favor" esan baitzidan".
  • “Eskari bat egin nuen eta etxeko helbidea euskaraz jarrita zegoen. Correos Expresseko Gasteizko langileak oso era txarrean deitu ninduen esanez "yo euskera ni puta idea, yo hablo en cristiano, si quieres que te mande el paquete dame la dirección en español".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago