Aldundiek laguntzak adostu dituzte autonomoentzat, enpresa txikientzat eta lehen sektorearentzat

Erredakzioa 2022ko mar. 29a, 17:20

Egungo testuinguru ekonomikoaren aurrean neurriak adostu dituzte aldundiek.AFA

Neurri sorta bat adostu dute egungo egoera ekonomikoaren ondorioen eraginpean dauden eragile ekonomikoen likidezia indartzeko.

Ramiro Gonzalez, Unai Rementeria eta Markel Olano diputatu nagusiek aurreratu dituzte hiru erakundeen artean adostutako neurriek langile autonomoak, mikroenpresak eta enpresa txikiak kalte ekonomikoetatik babestea dutela helburu. Neurri horiek honako hauek dira: zergen ordainketa geroratzea, PFEZren ordainketa zatikatuak salbuestea eta gastuak konpentsatzeko forfait-a handitzea, bereziki errepideko garraioaren, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren sektoreentzako. Era berean, lehen sektorerako diru laguntzen lerro berri bat onartuko dute aldundiek.

Aldundi bakoitzak premiazko foru dekretu araua onartuko du neurriak berehala martxan jartzeko, eta honako neurri hauek onartuko dituzte:

  • Interesik gabeko gerorapena zergen ordainketan: langile autonomoek, mikroenpresek eta enpresa txikiek aparteko gerorapena izango dute zergen ordainketetan, eta ez dute bermerik aurkeztu beharko. Foru ogasunek emango dituzten geroratze hauek ez dute interesik sortuko, eta geroratutako zenbatekoak itzultzeko zenbateko berdina izango duten sei hileko kuotatan ordaintzea eskaintzen dute, hiru hilabeteko gabealdi baten ostean egingo dena.
  • PFEZren ordainketa zatikatuen salbuespena: jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoak ez daude behartuta PFEZren ordainketa zatikatuak autolikidatu eta ordaintzera urteko lehen bi hiruhilekotan.
  • Autonomoentzako eta mikroenpresentzako gastu-forfait handitzea. Hirugarren neurria gastuak konpentsatzeko forfait-a handitzea da, mikroenpresek eta langile autonomoek beren zerga-oinarria murrizteko, dela Sozietateen Gaineko Zergan, dela PFEZan. Forfait-aren handitzeak indar berezia izango du salgaien errepidezko garraioan, nekazaritzan eta abeltzaintzan, hiru lurraldeetan %70eraino igotzen baita. Forfait orokorra, bai PFEZan (langile autonomoak), bai Sozietateen gaineko Zergan (mikroenpresak), % 15eraino igotzen da.
  • 5,4 milioi euro nekazaritza eta abeltzaintzari zuzeneko diru laguntzetan. Halaber, hiru aldundiek erabaki dute zuzeneko diru-laguntzen lerro berri bat irekitzea lehen sektorea laguntzeko: 2,5 milioi euro Araban, 1,2 milioi euro Bizkaian eta 1,7 milioi euro Gipuzkoan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago