Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta, Gasteizko Udalaren liburutegi sareak jarduera-programa oparoa antolatu du apirilaren 5etik 26ra; Goiuri jauregiak Miren Agur Meabe, Mikel Santiago, Txani Rodriguez, Julio Llamazares, Isabel Martin eta Eider Rodriguezen bisita hartuko du.
Programa apirilaren 5ean hasiko da, Miren Agur Meaberen Nola atondu (dudan nire) gela bat norberarena hitzaldi eta errezitaldiarekin; Poesia Sari Nazionala irabazi duen lehen egile euskalduna da Meabe. Virginia Woolf-en lanari keinu bat eginez, egileak sormenaren gela atontzeko bere modua azalduko du, hainbat urratsetan. Gela bilatzetik hasi, eta kontratua, espazioaren banaketa, argiztapena, aireztapena, altzariak, biltegiratzea, berokuntza eta osagarriekin amaitzeko, estetika-irizpideak eta materialak barne.
Apirilaren 7an Mikel Santiagoren txanda izango da, Esta novela se autodestruirá en… solasaldi interaktiboarekin. Bestsellerren idazle horren literatur sorkuntzari buruzko lantegiak tentsioa sortzeko, aurrea hartzeko eta istorio batean jakin-mina sortzeko teknika nagusietara hurbilduko du publikoa.
Txani Rodriguez idazlea—2021eko Euskadi Literatura Saria— bere irakurleekin elkartuko da apirilaren 12ko literatura-elkarrizketan. Elkarrizketa intimo eta pertsonal baten bidez, Aratz Goikoetxea kazetariak egilea aurkeztuko du, haren idazteko modua, liburu berrietarako gaiak aukeratzeko estrategiak… Lagunen arteko hizketaldia, paseo bat haren ibilbidean zehar.
Eta Pazko Astean, apirilaren 21ean, Julio Llamazares etorriko da Gasteizera bisitan, Primavera extremeña: Apuntes del natural liburua aurkeztera. Itziar Perez Argomaniz kazetariaren eskutik, egilearen azken lana —literatura eta artea batzen dituena— ezagutuko du publikoak, eta gaur egungo Espainiako idazle garrantzitsuenen artean dagoen egile horren ibilbide luzean barrena murgiltzeko aukera izango du.
Eta Liburuaren Egunean, apirilaren 23an, Huelvako artista Isabel Martinek Poesía de periferia para otros mundos posibles errezitala eskainiko du. Poesia eta kantu flamenkoko ikuskizun hori hiru bloketan garatuko da. Lehenengoan maskulinitate patriarkalari lotutako lidergoen ondorioak jorratuko dira. Tarteko blokean, lidergo maitagarriak deituriko eraldaketa proposatuko da, mundu hobe baterantz joateko eredu gisa. Azkenik, Beste mundu posible batzuetara atalak itxiko du errezitaldia. "Des-maitasun" erromantikoaren kulturari aurre egiteko, bide feminista proposatuko da, hots, nola desmuntatu barneratutako misoginia eta besteenganako misoginia, eta, azkenik, gizonei zuzenean dei egiten dieten poema batzuk, berdintasunezko mundu baterantz jo dezaten.
Amaitzeko, apirilaren 26an, Eider Rodriguezek bere azken liburua aurkeztuko du, Eraikuntzarako materiala deseraikitzen izenburuko solasaldian. Lagun artean kafea hartzen egongo balira bezala, Eider Rodriguez eta Patxi Zubizarreta eleberriaz mintzatuko dira. Aitarekiko harremana ardatz duen eleberri horretan, egilea hustu egiten da, eta emozioak barrenetik azaleratzen ditu.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!