Hezkuntza Lege berriaren inguruko eztabaidaren erdian, ikasle mugimenduak hitzordu berri bat izan du astearte honetan, Ikama ikasle antolakundeak deitutako mobilizazio egunean. Gasteizko manifestazioa Foru plazatik abiatuko da, eta Amurriokoa, berriz, Herriko plazatik, 12:00etan. Gasteizko mobilizazioan ehun ikasle inguru bildu dira, eta, antolatzaileen arabera, milaka izan dira Arabako hiriburuan, Amurrion, Bilbon, Donostian, Iruñean eta Bergaran bildutakoak.
"Beste behin ere Euskal Herriko ikastetxe eta kaleak astindu ditugu, berriz ere nahikoa dela esateko, nazkatuta gaudela argi uzteko", adierazi dute Ikamako bozeramaileek, manifestazioen amaierako ekitaldietan. "Krisi egoera hau betikook ordainduko ez dugula esatera etorri gara, eta hezkuntza sistema errotik aldatu ezean, ez dugu amore emango sistemaren erroko aldaketa bat lortu arte".
"Hezkuntza negozioa da egun, gehiengoa haien balore eta praktiken baitan hezteko gutxi batzuen negozioa", salatu dute. "Hori berresteko etorri zen pasa den urtean LOMLOE legea Espainiako Estatutik, dena lotuta eta ondo lotuta izateko. Legeak lege, egunez egun, ikasleak eskuetatik lotuta gaituzte ikastetxeen barruan, itotzen gaituen ebaluazio sistema batekin, gure jatorriagatik ikastetxeka segregatzen gaituzte, ikasketa prozesua aurrera eramateko materialetan inbertitu behar dugun diru guztiagatik, ikasleon gaineko etengabeko kontrol eta kriminalizazioa, euskaraz ikasi eta bizitzeko ezintasunagatik".
Horrek guztiak ikasleen "osasun mentala kaltetzea" dakarrela ohartarazi du Ikamak, "presio eta beldurraren doktrinak muturreko egoera batera eraman" dituelako.
"Sistemak eta egitura instituzionalak dituen mugak kontuan hartuta", ikasturte honetan Hego Euskal Herriko hezkuntza eredua "iraultzeko aukera berri bat" ireki izan dela azpimarratu dute, Hezkuntza Legearen inguruko itunari buruz. "Arriskatu eta posizionatzeko aukera bat, etorkizuneko gure hezkuntza eredua marraztu eta irudikatzeko aukera".
"Hemendik aurrera ere ez gara makurtuko. Orain inoiz baino gehiago, ikastetxez ikastetxe eta herriz herri antolatzen eta borrokatzen jarraituko dugu, euskal eskola herritar eta burujabea lortu arte. Galtzeko bakarra kateak direlako", aldarrikatu du Ikamak.