San Prudentzioko jaietako kartela aurkeztu dute

Erredakzioa 2022ko mar. 28a, 14:35

Ana del Val foru diputatua, Cristobal Aguilo Dominguezen kartelarekin. / Argazkia: AFA

Bost finalisten artean, Cristobal Aguilo Dominguezek plastilina teknikarekin egindako obra aukeratu dute Arabako 2022ko jaiak iragartzeko kartel lehiaketan. Normaltasunera itzuliko dira aurten San Prudentzio eta Estibalizko Andre Mariaren ospakizunak.

Bromley Kent hirian (Ingalaterra) jaio eta Cartagenan (Murtzia) bizi den Cristobal Aguilo Dominguez izan da Arabako 2022ko jaiak iragartzeko kartel lehiaketaren irabazlea. Ana del Val Kultura Saileko foru diputatuak "lehiaketa eredua, parte hartzaile kopurua eta aurkeztu diren pertsonen kalitatea" azpimarratu ditu. Gainera, aurten San Prudentzio eta Estibalizko Andre Mariaren jaien itzulera "oso berezia" izango dela ospatu du.

Guztira, 28 hautagai aurkeztu ziren; horietatik, 17 emakumeak ziren (%60,71) eta hamaika gizonak (%39,29); gainera, 17 Arabakoak ziren, eta beste hamaika Arabatik kanpokoak.

Bigarren fase batean, epaimahai profesional batek bost hautagai aukeratu zituen: Maite Canto Equisoian, Nerea Lekuona Campomar, Cristobal Aguilo Dominguez, Naiara Errasti Otaño, eta Francisco Javier Andreu Garcia. Bost finalistek 300 euro jaso dituzte egindako lanagatik.

Azkenik, hirugarren fasean, Cristobal Aguilo Dominguezek plastilina teknikarekin egindako lana hautatu du epaimahaiak. Aguilok 1.000 euroko saria jasoko du, finalista izateagatik jasotako 300 euroekin batera.

"Kartelean jaietako ekitaldi tipikoen eta ekitaldi aipagarrienen aniztasuna irudikatzen saiatu naiz. Ziur nago gauzaren bat ahaztu zaidala, ezinezkoa baita dena jasotzea, baina helburua zen egun horietako ospakizunen poza islatuko zuen lan dibertigarria sortzea", azaldu du egileak. "Ez dut 3D teknika erabili, ikusten den guztia marraztu egin dut lehenengo, eta gero eskuz modelatu, argazkiak atera eta Photoshop-ean muntatu, azken konposizioa irudikatzen zuen ilustrazio batean oinarrituta. Oso prozesu neketsua da, baina emaitzak merezi du, freskoa, desberdina eta deigarria baita".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide