Martxoaren 29rako hezkuntza sistema aldatzeko mobilizazioak antolatu ditu Ikamak

Erredakzioa 2022ko mar. 25a, 11:15
Ikama ikasle antolakundearen ekitaldi bat. / Argazkia: @IkasleriaMartxa

Ikama ikasle antolakundeak hezkuntza sistemaren aldaketa aldarrikatzeko mobilizazioak deitu ditu martxoaren 29rako Hego Euskal Herrian, tartean Gasteizen eta Amurrion. Besteak beste, hezkuntzaren eta ikastetxeen prekarizazioa, kontrol mekanismoak eta zaintzarik eza salatuko dituzte.

Hezkuntza Lege berriaren inguruko eztabaidaren erdian, ikasle mugimenduak hitzordu berri bat du datorren asteartean, hilaren 29an, Ikama ikasle antolakundeak mobilizazio eguna deitu baitu Hego Euskal Herriko hiriburuetan.

"Sartu berri garen bigarren urte pandemiko honetan, ikasleok argi daukagu pandemia honek aurretiaz bizi genuen hezkuntzaren prekarizazio fasea azeleratu besterik ez duela egin", azpimarratu dute ohar batean. "Gizarteko beste esparru batzuk bezala, hezkuntza ere krisian dago, eta, horregatik, egungo hezkuntza sistema aldatzeko mobilizazioak deitu ditugu".

Prekarizazio orokor hori hainbat esparrutan islatzen dela ohartarazi du Ikamak: "Krisia ondorio larriak izaten ari da gure bizitzetan, eta, azken urteetako etengabeko murrizketen ondorioz, ikastetxeetako egoera oso prekarioa da. Gainera, ikasleoi, jada ustelduta dagoen hezkuntza sistema batean hezten gaituzte, argi utziz hezkuntzari ematen dioten garrantzia eta ikasleok eredu horretan betetzen dugun papera".

Bestalde, ikasleek jasandako "kontrola" salatu du ikasle antolakundeak: "Ikasleoi betidanik inposatu zaizkigun kontrolerako mekanismoak pandemiaren aitzakiapean areagotu besterik ez dira egin: sarreretako kamerak, Inika bezalako kontrolerako aplikazioak…".

Gainera, testuinguru horretan ikasleek bizi dituzten gaitz psikologikoen aurrean neurririk ez hartzea egotzi diote egungo hezkuntza sistemari. Horrek ikasleen "beldurra eta antsietatea" ekarri duela ohartarazi dute, eta "elkar zaintzeko bitartekoei" garrantzirik ez ematea kritikatu dute.

"Sistema aldatzeko, hezkuntza ezinbesteko tresna da, eta hezkuntza sistema aldatzeko ikasleria martxan egon behar du", aldarrikatu du Ikamak.

Mobilizazioak

Mobilizazioak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan 12:00etan egingo dituzte, baina Arabaren kasuan Amurriok ere parte hartuko du protestetan. Gasteizko manifestazioa Foru plazatik abiatuko da, eta Amurriokoa, berriz, Herriko plazatik. Bestalde, Iruñekoa Nabarreria plazan hasiko da, Donostiakoa Bulebarretik eta Bilbokoa Jesusen Bihotzetik.

Bideoak

Ikama ikasle antolakundearen sare sozialetan bideo batzuk argitaratu dituzte azken asteetan, hezkuntza sistemaren arazoak identifikatu eta martxoaren 29ko mobilizazioetara deitzeko:

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide