Sartu gara jada, baina ez diot usainik ere hartzen; udaberrian gara, baina negu gorriak gaitu tamalez.
Gure arerio eta kezka nagusia Covid-19ak eragindako pandemia zela ziur ginenean, ziurtasunaren hauskortasuna gailendu zaigu, oinazpia mugitu eta gorputza dardarka ipini, gorpuak kale bazterretan ikusita.
Iritsi da ekaitz perfektua, eta etorriko denaren susmo txikiena ere hipotesi hutsa da, politologoen hausnarketa zalantzatia baino ez. Izan ere, zer diosku Ukrainako gerrak? Zergatik? Zertarako?
Uzten al digu Errusiak gupidagabeki, anker, jaurtikitako misilen keak gerraren arrazoien inguruko aztarnak sumatzen zeruan?
Eta Ukrainako kaleetan eta eraikinen hondakinetan pilatutako hilotzek uzten al digute herrialde ezberdinen interesak aztertzen?
Hala ere, gauza bat garbi ikus daiteke: lurra izeneko planeta honetako natur baliabideak mugatuak dira, baina indarrean den sistema ekonomikoak eta elite ezberdinek mugarik izango ez balu bezala jokatzen jarraitzen dute aurrera begirako ihesaldi amaigabean, eta horrek ondorio latzak ditu, horrek negu gorria luzatzen du.
Alarma zantzuak gero eta ozenagoak diren honetan, salaketek ere indarra hartzen dute, hala ere, zenbaitzuk entzungor eta mutu, eta beste batzuk, Errusia eta Ameriketako Estatu Batuak kasu, xake taulan tankeak, misilak eta denetariko armak harro mugitzen.
Esaten dute ekonomi krisi sakonak gerren bidez bideratzen direla, badakizue Si vis pacem, para bellum, baina gerra guztien atzean hildakoak, errefuxiatuak, hondamena, txikizioa, hilotzak eta miseria.
Gerrak zer dioskun baino, gerrari zer diogun galdetu behar genioke geure buruari: arrazoiak ondo aztertu, ondorioen aurrean elkartasuna zabaldu eta interes makurrak salatu.
Udaberria ilun esnatu zaigu, egingo ahal du argitara!