BEGO ZUBIA, 'URAK ASKE'

"Presek bizitza mugatua dute, eta amaiera kudeatu behar da"

Juanma Gallego 2022ko mar. 26a, 10:00

Bego Zubiak zuzendu du 'Urak aske' dokumentala. ELHUYAR/PIXEL

Nafarroako eta Normandiako bi presen egoeraren berri eman dute 'Urak aske' dokumentalean, horrelako azpiegituren eraisteak dakarren konplexutasuna islatzeko. Orain arte gai ezezaguna izan da askorentzat.

Zaharkituta geratu diren presak eraisterakoan sortzen diren erronkak jorratzen ditu Urak aske dokumentalak. Hilaren 16an aurkeztu zuten Oihanederren Bego Zubia Gallastegi (Arrasate, 1965) zientzia kazetariak zuzendutako ikus-entzunezkoa.

Zerk eraman zintuen dokumental hau grabatzera?

Elhuyarren EHUko ikertzaileekin harreman handia dugu. Bada, Artikutzako presaren hustuketarekin hasi zirenean, Arturo Elosegi ekologia katedradunak zuzendutako ikerketa talde handi bat bertan lanean hasi zen, gertatuko ziren aldaketak aztertu nahian. Iruditan jaso nahi zuten. Bestetik, Teknopolis telebista saioa egiten, aspaldiko harremana dugu Pixel ekoiztetxearekin, eta beraiek ere Donostiako Udalarentzat gaiarekin lanean ari ziren. Beraz, kolaboratzeari ekin genion.

Artikutza eta Donostiako Udala aipatu dituzu. Nondik sortzen da ba lotura hori?

Goizuetako [Nafarroa] auzo bat da Artikutza. Mendian dago, Urumea ibaiaren goiko aldean. Iberiar penintsulako leku euritsuenetako bat da, eta bost erreka pasatzen dira gertutik. Nafarroan egonda ere, XX. mendearen hasieran Donostiako Udalak erosi zuen, ur hornidurarako. Baina udala konturatu zen ura ez zela baldintza onetan iristen, eta bertan giza jardun guztiak debekatu zituen. Presa bat eraiki zen ura biltzeko, baina arazoak ematen zituen, eta ondoren errekan behera beste presa bat eraiki zuten, Añarbekoa. Artikutzako presa funtziorik gabe eta mantenimendu gabe geratu zen. Orduan, Espainiako ministerioak udalari esan zion zerbait egin behar zuela presa horrekin.

Zer egin zuen udalak?

Bi aukera zituen: presa mantentzea, erabiltzen ez zela jakinda; ala presa kentzea eta erreka biziberritzea. Berez, urtegia hustu zuen, baina momentuz presa ez dute kendu. Hortaz, hor bada oraindik 42 metroko altuera duen pareta bat. Erabaki behar dute dena kendu ala zulo bat egin. Baina aintzat hartu behar da ere eraiste lanek ingurumen inpaktu bat izan dezaketela, hara joateko bidea oso estua delako. Giza jarduerak debekatu zirenez, hango basoa erabat naturalizatu da, eta balio natural handia dauka.

"Giza jarduerak debekatu zirenez, hango basoa erabat naturalizatu da; balio handikoa da"

Beste presa bat agertzen da dokumentalean...

Bai. Jakin genuen Normandian ere presa erraldoi bat kentzen ari zirela, Vezinsen. Horren berri ematea interesgarria zela pentsatu genuen, testuingurua eman ahal izateko. Lanak hamar urtez atzeratu dira bertan, auzokideak eraistearen kontra zeudelako. Izan ere, presa hidroelektriko horren inguruan etxeak eta turismo azpiegiturak zeuden. Horrela, aukera izan dugu azaltzeko natura leheneratzean ere horrelako arazoak sor daitezkeela. Pertsonak kezkatzen gara azpiegiturak jartzen direnean, baina baita kentzen direnean ere.

Zer ikasi dute gaia ikertu duten zientzialariek?

Batez ere, bi kontu aipatuko nituzke. Batetik, denborari dagokiona. Artikutzan urteak eman zituzten urtegia poliki husteko. Horrela, lohiak ez dira mugitu, eta ez du kalterik izan ibaian behera. Pentsa Ameriketako Estatu Batuetan presak kentzeko zenbaitetan dinamita ere erabili dutela, eta horrek, noski, kalte nabarmenak eragiten ditu ibaian behera. Bestetik, Artikutzan oso baso aberats baten erdian egonda, dena oso azkar berdetu da; Natura nahiko azkar berreskuratu da, landaketak egin behar izan gabe.

Nolakoa izaten ari da dokumentalaren harrera?

Oso pozik gaude. Jendeak eman digun feedback-a hau izan da: dokumentalari esker orain arte ezezaguna zitzaien egoera baten berri izan dute. Nik neuk ez nuen gaia ezagutzen, dokumentalarekin hasi baino lehen. Bestetik, ikus-entzunezko bezala oso ondo baloratua izan da. Ekoizteko prozesua luzea izan da: 2017an hartu genituen lehen irudiak. Batez ere dirua lortzea ibilbide neketsua izan da. Dena dela, pandemiak mahai gainean jarri du zientzia informazioa ezinbestekoa dela zenbait erabaki garrantzitsu hartzeko.

Presek ere rol garrantzitsua izan dute zibilizazioan, ezta?

Noski. Dokumentala ikusi ondoren, pertsona batek galdetu zidan ea presa guztiak kendu behar ziren. Noski ezetz. Pertsonok ura behar dugu edateko. Oroitzen naiz umea nintzela udan batzuetan ura ez zela etxeetara iristen, presio nahikoa ez izateagatik. Guk erakutsi nahi duguna da azpiegitura guztiek dutela bizitza mugatu bat, eta haien bizitzaren amaierara iristean, horiekin zer egin behar den jakin behar dela.

Bizi kalitatearen eta ingurumena zaintzearen aldeko oreka zaila...

Bai. Nik honetan guztian dudan sentsazioa da gizakiok beti erdigunean egon nahi dugula. Honek edo besteak zertan eragingo gaituen. Baina ingurumena ere aintzat hartu beharra dago. Adibidez, dokumentalaren beste protagonista bat muturluze piriniotarra da. Ugaztun txikia da, mundu mailan desagertzeko arriskuan dagoena; baina Artikutzan ere bizi da, eta hori ere aintzat hartu da urtegiaren amaiera prestatzerakoan. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago