Gasteizko Osasun Publikoa Aurrera plataformak indarrak batu ditu osasun publikoaren aldeko Hego Euskal Herriko plataforma guztiekin. Leioan Bizi Plataforma, Donostialdea Osasun Publikoaren Alde Plataforma (DOPA), Izartu Mungialdea, Tolosa Osasun Publikoaren Alde (TOPA), Gora Deustu, Nafarroa, Erandio Herri Plataforma eta Algortako Osasun Publikoa Aurrera Plataformarekin batera, prentsaurrekoa eman du gaur goizean, Salburuko osasun zentroaren aurrean.
Bizitza eta osasunaren alde. Osasun sistema publikoa defenda eta hobe dezagun lelopean, apirilaren 2an eta 3an mobilizazio bateratuak egingo dira lau herrialdeetako herri eta hirietan. "Duela zenbait astetik hona hainbat plataforma biltzen ari gara, herritarren osasun beharrei erantzungo dien osasun sistema publiko, unibertsal eta kalitatezkoaren alde", azaldu dute. "Osasun publikoaren aldeko plataformak zabaltzeko, indartzeko eta koordinatzeko unea da, osasun sistema publikoa hobetzearen aldeko apustua egiten duten sindikatuekin eta profesionalekin bat eginez".
Lehen Mailako Arreta, erdigunera
"Pandemiaren kudeaketan guztiz ez nahikoa izan den osasun asistentziaz harago", hainbat eskakizun plazaratu dituzte adierazpen bateratu batean: kontsultan aurrez aurreko arreta, itxaron zerrendak mugatzea, gaixotasun kronikoak dituzten pertsonei etengabeko arreta eta prozesu larrien , —hala nola minbizia— diagnostiko goiztiarra.
Horretarako, Lehen Mailako Arretan oinarritutako sistema baten beharra azpimarratu dute: "Osasun publikoa indartuko duena, osasuna bere sustapen eta prebentziotik osoki jorratuko duena, osasun fisikoa, mentala, aho-hortzetakoa, ingurumenekoa, lanekoa... doakoa izango dena, ko-ordainketarik gabekoa eta ikerketa bultzatuko duena".
Aurrekontua %7ra igo
Beren ustez, osasun sistema publikoaren egungo krisiaren eta Lehen Mailako Arretaren arazoak "ez dira soilik profesionalen falta eta ustekabeko pandemiaren aurrean babes edo txerto baliabiderik ez izatea". Ordea, egungo "degradazio egoera aurrekontu publikoak osasun negozio pribatuen interesen alde erabiltzeko egindako apustuaren emaitza" dela deritzote.
Testuinguru horretan, bi neurri zehatz proposatu dituzte: alde batetik, Osasun Sailaren aurrekontua egungo %5,5etik %7ra igotzea; bestetik, Lehen Mailako Arretaren finantzaketa egungo %15etik %25era igotzea, Munduko Osasun Erakundeak ezartzen duen bezala.
Baliabide publikoak
"Zerbitzuen pribatizazioen, itun publiko-pribatuen, pazienteak osasun negozio pribatuetara arrazoirik gabe bideratzearen, funtzionarioen mutualitateen eta mutuen mantentzearen odolustea eten egin behar da, diru publikoa osasun pribatuaren poltsikoetara pasatzeko enbutuak besterik ez direlako", ohartarazi dute. Gainera, industria farmazeutiko publiko ezarekin amaitu behar dela aldarrikatu dute.
"Gaur, inoiz baino onartezinagoak dira gobernu batzuek osasunerako baliabide ekonomikorik ez izatearen inguruko betiko aitzakiak; izan ere, gobernu horiek gai dira egun batetik bestera milioika euroko kopuru izugarriak bideratzeko banku pribatua salbatzera, energia industrien espoliazioa ordaintzera, edo industria militarraren gastu are handiagoari aurre egitera", salatu dute.
"Beste osasun sistema bat beharrezkoa eta posible da", plataformen ustez. "Sistema horrek, aurrez adierazitako guztiaz gain, bere plantilaren enpleguaren prekarizazioarekin bukatzea eskatzen du, baita plantillaren eta biztanleriaren parte hartze erreal eta aktiborako mekanismoak ezartzea ere, erabiltzaile gisa ditugun interesak eta beharrak artatzeko modu bakarra baita. Hego Euskal Herri osoan euskarazko arreta bermatuko duen sistema behar dugu".