Koronabirusa

Covid-19 positiboen derrigorrezko isolamendua astelehenean amaituko da

Erredakzioa 2022ko mar. 23a, 10:13

Kontaktuen berrogeialdiak dagoeneko ez dira derrigorrezkoak, martxoaren 5etik. / PIXABAY

Covid-19 kasu arin eta sintomarik gabekoetan isolamendua bertan behera uztea erabaki du Espainiako Gobernuak. Astelehenetik aurrera, koronabirusean positibo eman dutenek ez dute derrigorrez isolatu beharko.

Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak Covid-19aren "gripalizazioa" baieztatu du, gaitza zaintzeko eta kontrolatzeko "trantsizio" estrategia berriaren testuinguruan.

Hortaz, martxoaren 28tik aurrera positiboak isolatzeko derrigortasuna baliogabetuko du kasu arin eta sintomarik gabekoetan, esfortzuak kasu larri eta zaurgarrietan zentratzeko.

Positiboen isolamendu-epea azken hilabeteetan zehar murriztu da, eta abenduaren amaieran hamar egunekoa izatetik zazpi egunekoa izatera igaro zen. Kontaktu estuen berrogeialdiak dagoeneko ez ziren derrigorrezkoak, martxoaren 5etik. Hurrengo urratsa isolamendua bera ezabatzea izan da.

Hori bai, kutsatutako pertsonak etxean geratzera behartuta ez dauden arren, eremu guztietan maskara erabiltzea eta pertsona kalteberekin kontakturik ez izatea gomendatu die Osasun Ministerioak.

Estrategia berria itzulgarria da, eta indarrean mantenduko da adierazleak maila baxuan dauden bitartean, hau da, joera nabarmen okertzen ez bada.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago