Estatuko eskola segregazio tasa handienetakoa du Gasteizek

Erredakzioa 2022ko mar. 22a, 19:35

Eskola publikoaren alde eta segregazioaren kontra Gasteizen eginiko manifestazio bat. / Alea

Steilasek eta Ikusbidek egindako azterlanaren arabera, sare publikoko ikastetxe batzuetan jatorri migratzailea dute ikasleen %83,8k.

Hezkuntza lege berria eztabadaigai denean, Steilas sindikatuak eta Ikusbidek mahai gainean jarri dituzte eskola segregazioari buruzko datuak. Jatorri migratzailea duten ikasleen eskola segregazioa Gasteizen lana aurkeztu dute, eta ondorio argiak ditu: "Argi geratu da eskola-segregazioak eskubideak eta aukerak urratzen dituela. Beraz, esan dezakegu gure eskola-sistema ez dela oinarritzen aukera-berdintasunaren printzipioan".

Gasteizen DBHko 4. maila ikasten ari diren sare publikoko ikasleen %65ari igorri diote azterketa. Hala ere, Gasteizek dituen ezaugarriengatik, azaldu dutenez, ateratako ondorioak erraz estrapolatu daitezke Araba, Bizkai eta Gipuzkoara. 

Indizerik altuenetakoa Gasteizen

Eskola segregazioa hainbatetan salatu duten arren, azterketako datuek agerian utzi dituzte kopuruak: "EAEk oro har, eta Gasteizek bereziki, estatuko eskola-segregazioaren indizerik altuenetakoa du. Estatuko bigarrena da Madrilen atzetik". Era berean, Europako indizerik altuenetakoa du eskola pribatu eta kontzertatuetan. Azterketan jasotakoaren arabera, segregatutako ikastetxeetan ikasleen %83,8 migratzaileak dira, eta mota horretako zentroetan biltzen dira pobrezia-egoeran dauden ikasle gehien.

Emaitza akademikoen inguruko galdetegiaren arabera, segregatu gabeko ikastetxeetako ikasleen ia %60k haien emaitza akademikoak ontzat edo oso ontzat jotzen dituzte, eta segregatutako ikastetxeen kasuan, aldiz, ehuneko hori hogei puntu jaisten da. Segregatu gabeetan, %15,9k ikasturteren bat errepikatu du eta ikasgaien zama darama; segregatuetan, berriz, %33,3k, hau da, herenak.

Identitatea eta euskara

Identitateari buruzko erantzunen artean, jatorri migratzailea duten ikasleen %60 euskal herritar eta espainiar gisa identifikatzen da, segregatu gabeko ikastetxeetan; segregatutako zentroetan, ordea, 16 puntu jaisten da identifikazioa. Halaber, segregatutako zentruetan, gazteen %60 ez dira gasteiztar sentitzen, segregatu gabeko zentroetan baino bi aldiz gehiago.

Euskarari dagokionez, jatorri migratzailea izanik ikastetxe segregatuetan ikasten ari diren gazteen %10ek baino ez dute hartzen euskara berezko. Aldiz, jatorri migratzailea izanda ere, segregatu gabeetan dauden gazteen erdiak baino gehiagok euskara berezko hizkuntzatzat dute.

Etorkizunera begira, berriz, segregatu gabeko zentroetan gehienek ikasketekin jarraitu nahi dute eta unibertsitatean sartu (%61,5), aldiz, segregatutako zentroetan ikasten dutenen artean ehunekoa %45,6ra jaisten da. 

Lortutako datuak eskuan, Steilas eta Ikubideko kideen esanetan, EAEko etorkizuneko hezkuntza-lege batentzat  "premiazkoa" da lege horrek aukera-berdintasuna eta gizarte-kohesioa bermatzea, "eskola segregazioa errotik geldiaraztea eta beharrezko neurri zuzentzaileak ezartzea". Alderdi politikoak gonbidatu dituzte prestatutako txostena irakur dezaten, "eta eskola segregazioa modu esplizituan debeka dezaten, bereizketa hori oinarrizko eskubideen urratze gisa eta zapalkuntza eta diskriminazio mekanismo gisa ulertuta".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide