Lehengaien eta energiaren prezioak bere horretan jarraituz gero, Arabako enpresen %29k haien jarduera eten beharko dutela dio SEA Arabako Enpresaburuen Elkarteak. Kopurua are handiagoa da industria enpresen kasuan, %38ra iritsita.
SEAk berak 200 enpresari baino gehiagori egindako inkesta baten ondorioak dira. Horren arabera, lehengaien igoerak enpresen %95i eragin die, eta %65ek hornidurarekin arazoak dituzte.
Modu berean, enpresa askok Covid-19aren krisiari aurre egiteko jasotako maileguak itzultzeko arazoak izango dituztela diote enpresaburuek. Lautik batek "zailtasun handiak" izango ditu Elkargi eta ICO maileguei aurre egiteko.
Errusia eta Ukrainaren arteko gerrak lehengai guztien eta energiaren "igoera itzela eta orokortua" ekarri duela ohartarazi du SEAk. Egoera arintzeko, zenbait eskari egin diete instituzioei. Besteak beste, erregaietan, argindarrean eta gasean aplikatzen diren zergak jaisteko eskatu dute. Merkatu elektrikoan argindarraren prezioa zehazteko sisteman aldaketak egin daitezela eskatu dute ere, gasaren prezioak argindarrarenean eragina izan ez dezan.
Gainerako zerga guztiak ordaintzeko malgutasuna galdegin dute, eta baita Ukrainarekin eta Errusiarekin merkataritza hartu-emanak dituzten enpresentzako laguntza plana abiatzea ere, hornitzaile alternatiboak lortzeko babesa jasotzeaz gain. Langileengana ere zuzendu dira enpresaburuak, eta eskatu diete hitzarmen kolektiboetarako irekitako negoziazioak atzeratzeko, "egoera egonkortu arte".