Uribarri Ganboa urtegiaren Bide Berdearen inguruko ibilbidea bukatu dute

Erredakzioa 2022ko mar. 21a, 13:59
Uribarri Ganboa urtegiaren inguruko Bide Berdea. / Argazkia: AFA - QUINTAS

Foru Aldundiak amaitutzat eman ditu Uribarri Ganboa urtegiaren Bide Berdea hobetu eta egokitzeko lanak, Urizar penintsularen parean.

Uribarri Ganboa urtegiaren Bide Berdeak 45 kilometroko ibilbidea osatzen du, eta lurraldeko sarea osatzen duten ibilbide berdeen artean ibilienetako bat da. Gaur goizean, perimetroko ibilbide osoa amaitutzat eman du Aldundiak, eta horren berri eman dute, bertatik bertara, hitzarmen bidez proiektua sustatu duten erakundeek; bertan izan dira Josean Galera Ingurumeneko foru diputatua, Igor Medina Barrundiako alkatea eta Ruben Ruiz de Egino Arabako Lautadako Kuadrillako presidentea.

Urizar penintsularen inguruan, 4.930 metro koadroko azaleran, egindako jarduketari esker, foru erakundeak trazaduraren zati bati irtenbidea eman dio. Izan ere, zati horrek lursail partikularrak zeharkatzen zituen, eta, ondoren, Kubitatik Urizarrera doan bide publikoarekin lotzen zen. Gune horrek ingurumen kalteak zeuzkan, bidetik urtegiaren ertzetara doazen ibilgailuak bereizi gabe igarotzen zirelako.

Orain, berriz, Urizar penintsularako oinezkoentzako eta bizikletentzako kalitatezko sarbide alternatibo bat gaitu da eremu horretan, irisgarritasuna berrantolatuz. Era berean, Kubita inguruko eta inguru osoko ingurumena lehengoratzeari ekin zaio, ibilgailuak kontrolik gabe sartzeak kaltetuta baitzegoen.

Guztira, 150.751,66 euro inbertitu dituzte proiektuan; horren %50ak Europako EGEF funtsaren laguntza izan du. "Jarduketa honekin urtegiaren Ibilbide Berdearen trazadura osatzen da, eta eutsi egiten zaie Foru Aldundiak mugikortasun ez-motorizatu eta iraunkorraren alde zein aisialdi osasungarri eta aktiboaren alde duen konpromisoari eta apustuari", azpimarratu du Galerak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide