Azken egunetan, Espainiako Gobernuak Sahararen autonomiarako plana onartu eta Marokoko erregimenarekin lerrokatu da, Mohamed VI.a erregearen asmoei amore emanez. Horrela, Mendebaldeko Saharako gatazkari buruz betidanik izandako jarrera historikoa aldatu egin du Espainiak.
Saharar komunitateak "traizio berria" egitea leporatu die Pedro Sanchez presidenteari eta Espainiako Gobernuari. "Mendebaldeko Sahara ez da Marokoko lurralde osotasunaren parte, deskolonizatzeko zain dagoen lurralde ez autonomoa da, eta Nazio Batuek autodeterminaziorako eta independentziarako eskubidea aitortzen diote", azpimarratu dute.
Egoera salatzeko, saharar komunitateak mobilizazioak deitu ditu Espainiako Estatuko hainbat hiritan, baita EAEn ere: Gasteizen elkarretaratzea egingo dute, 19:00etan Espainiako Gobernuaren ordezkariordetzan, Olagibel kaleko 1. zenbakian. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako mobilizazioen antolatzaileak Euskadiko Saharako Ordezkaritza, Solidaritate Mugimenduak eta Saharako Diaspora dira.
Gaur egun, Espainia Saharako lurraldearen potentzia administratzailea da. "Aldebakarreko adierazpena edo hirugarrenekiko akordioa alde batera utzita, Espainiak ezin du bere erantzukizuna bertan behera utzi", salatu du Arabako SEADen Lagunen Elkarteak. "Mendebaldeko Sahararen legez kanpoko okupazioa babestean, Espainiako Gobernuak eta sostengatzen duten alderdiek lege estaldura ematen diete nazioarteko erakundeek salatutako giza eskubideen urraketei eta haien baliabide naturalen espoliazioari".
"Horren aurrean, okupatzaile marokoarrari laguntzeko Espainiaren legez kanpoko jarrerak konplikazio gehigarriak dakarzkio NBEk Mendebaldeko Sahararako duen bake prozesuari, Marokoren eta Polisario Frontearen arteko zuzeneko eta baldintzarik gabeko negoziazioak hastea denean lehentasuna", kritikatu dute.
"2020ko azaroaren 13az geroztik aurrerapausorik eman ez denez eta gerra egoera nagusi denez, egoeraren larritasun handiaz jabetuta, dei egiten diegu berriro euskal gizarteari eta bere indar politiko, sozial eta sindikalei elkarretaratze horiekin bat egiteko, Marokoren xantaiaren aurrean egindako lagapen onartezinaren aurrean gaitzespena adierazteko, eta Euskal Herrian geure egiten dugun gatazka hau behin betiko konpontzeko eskatzeko", gaineratu dute.