Basurdeek lehen sektorean eragindako kalteen aurreko neurriak eskatu ditu EH Bilduk

Erredakzioa 2022ko mar. 18a, 13:14

Basurde baten artxiboko irudia. / Argazkia: PIXABAY

Nekazaritza eta abeltzaintza ustiategien egoera ekonomiko zailaren arazo gehigarri diren basurdeen kalteak arintzeko eta prebenitzeko neurriak hartzea eskatu du EH Bilduk, Batzar Nagusietan.

Mozio baten bidez, basurdeen kalteak arintzeko diru-laguntza lerroa zabaltzeko eskatu dio EH Bilduko batzarkide taldeak Foru Aldundiari.

"Nekazaritza eta abeltzaintza ustiategiek egoera zaila bizi dute azken boladan, bereziki garraioaren eta lehengaien garestitzea dela-eta; baina horri gehitu behar zaio basurdeek azken boladan eragin dituzten kalte ekonomikoak", ohartarazi du EH Bilduk. Hori dela eta, kalte horiek prebenitzeko neurriak har ditzala ere eskatu du mozio berean.

Alde batetik, lurraldean dauden basurdeen kopuruaren errolda egin dezala eskatu diote Aldundiari. Bestetik, azken urtean laboreetan izan diren kalteen identifikazioa ere, lurraldeko nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietan eragindako kalte ekonomikoa kuantifikatu ahal izateko.

"Basurdeek eragindako kalteen ondorioz, finka hondatuak eta uzta galduak daude, besteak beste, eta horregatik premiazkoa eta beharrezkoa da Nekazaritza Sailak esku hartzea, hainbat formatutako neurriak hartzeko. Prebentzio neurriak beharrezkoak dira, kalteak eta inpaktuak txikiagoak izan daitezen, lehen sektoreak bere gain hartu ezin dituen ondorio ekonomikoak saihesteko", azaldu du EH Bilduk.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide