Bigarren urtez, Arabako Foru Aldundiak martxan jarri ditu udalerri barruko garraioa finantzatzeko laguntzak. 60.000 euroko aurrekontua eskainiko du 20.000 biztanletik beherako udalerrietan herrigune batetik bestera joateko garraioa hobetzeko.
Izan ere, lurralde oreka lortzea da Aldundiaren helburuetako bat, "Arabako herritar guztiek zerbitzu publikoak berdintasun baldintzetan" eskuratzeko aukera izan dezaten; horien artean, garraio kolektiboa, bereziki lurralde barruko garraio publikoko mugikortasunari dagokionez. Horrela, biztanleek beren bizileku eremuan jarrai dezaten erraztu nahi dute.
Alde batetik, foru garraioko lineak daude, eta, bestetik, Arabako udalerriek kudea ditzaketenak, bai herrigune baten barruan, bai udalerri bereko herrien artean.
2021ean, bederatzi udalek erabaki zuten udalerri barruko garraio publikoko zerbitzua ematea: Gaubea, Kuartango, Zigoitia, Arraia-Maeztu, Lantaron, Erriberagoitia, Amurrio, Urkabustaiz eta Iruña Oka. Beste helburu batzuen artean, udalak sustatutako eragin sozial, ekonomiko edota kulturaleko jarduerak egiten diren tokietara hurbiltzea ahalbidetu zien auzotarrei.