Sahararen espoliazioaren aurkako bertso-paper lehiaketa abiatu dute

Erredakzioa 2022ko martxoaren 17a

Argazkia: Fran García (FLICKR)

Arabako Bertsozale Elkarteak, Arabako SEADen Lagunen Elkartearekin elkarlanean, bertso-paper lehiaketa bat jarri du martxan. Hiru bertso eskola ireki eta horma-irudi parte-hartzaile bat egiteaz gain, bertso jaialdi batean banatuko dituzte sariak.

Sahararen espoliazioaren aurkako sentsibilizazio kanpaina bat abiatu dute Arabako Bertsozale Elkarteak eta Arabako SEADen Lagunen Elkarteak gaia gizarteratu eta hausnarketarako leihoa zabaldu asmoz. Horren barruan, espoliazioaren arazoa gaitzat hartuta bertso-paper lehiaketa jarri dute martxan, nahi duen orok parte har dezan.

Bertso sortak (idatziz, doinu eta neurri librean) araba@bertsozale.eus helbide elektronikora bidaltzeko epea bi hilabetez luzatuko da, eta maiatzaren 31n izango da azken eguna. Epaimahaiaren lan aukeratua ekainaren 30ean emango da ezagutzera, jendaurrean aurkeztuz. Saria bi pertsonentzako bidaia izango da Tindufera (Argelia), espoliazio eta gatazkaren ondorio diren errefuxiatu kanpamenduak ezagutzeko.

Horma-irudia eta sari banaketa

Maiatzaren 10ean, horma-irudi parte-hartzaile bat margotzen hasiko dira, eta nahi duen orok izango du parte hartzeko aukera. Horma-irudiaren inguruko informazio gehiago nahi izanez gero, Arabako SEADen Lagunen Elkarteak harremanetarako hainbat bide ditu: administrazioa@saharaelkartea.org helbide elektronikoa edo 945 14 78 53 eta 660 29 96 22 telefono zenbakiak.

Bestalde, ekainaren 30ean, horma-irudiaren inaugurazioa eta bertso-paper lehiaketako sari banaketa egingo dute, bertso-jaialdi batekin batera.

Hitzaldiak eta bertso eskola irekiak

Horrekin batera, hiru bertso eskola ireki eta hitzaldi emango dira, gaia ezagutzera eman eta egitasmoa aurkezteko asmoz:

  • Martxoaren 16an, 19:30ean, Laudioko Aiaraldea Ekintzen Faktorian.
  • Martxoaren 21ean, 19:30ean, Gasteizko Iparralde gizarte etxean.
  • Martxoaren 23an, 19:30ean, Zekuianoko Txokoan (Arraia-Maeztu).

Sahararen espoliazioa

"Mendebaldeko Sahara deskolonizatzeke dagoen lurralde ez-autonomoa da, eta Marokok nazioarteko legediaren kontra indarkeriaz okupatu zuen 1976. urtean. Oso lurralde aberatsa da baliabide naturaletan, eta Marokok nazioarteko araudiaren kontra ustiatzen du, lurraldearen legez kanpoko okupazioa finantzatzeko", azaldu du Arabako SEADen Lagunen Elkarteak. "Gainera, enpresa transnazional aunitzek, horietako hainbat Euskal Herrikoak, etekinak lortzen dituzte ustiaketa bidegabe horretatik, eta gatazka luzatzen eta okupazioa iraunarazten laguntzen dute".

"Bitartean, saharar herriak ez du autodeterminazio eskubidea bermatuta, ezta bere lurra eta baliabideak kudeatzeko eta erabiltzeko eskubidea ere", gaineratu dute. "Bestalde, saharar herritarrak Aljeriako basamortuko errefuxiatu-eremuetan bizitzera behartuta daude, edo okupazio indarren errepresioa eta diskriminazioa jasaten dute lurralde okupatuetan".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago