Hiri hezitzailea sendotu lemapean egingo dute Gasteizen XV. topaketa martxoaren 17an eta 18an, estatuko hirietako udalen eta eragile sozioedukatiboen arteko komunikazio eta gogoeta-gune bat izateko helburuarekin. Saioak aurrez aurre eta online ere jarraitu ahal izango dira.
Subirats Unibertsitate ministroak irekiko du topaketa, Gasteizko Europa biltzar-jauregian. Berarekin izango dira, besteak beste, Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz, Gasteizko lehen alkateorde Maider Etxebarria eta hiri hezitzaileen nazioarteko elkarteko idazkari nagusi Marina Canals. Hitzorduan 376 pertsona bilduko dira, 297 Europa Jauregian bertan, eta 79, berriz, modu birtualean. Erakundeetako ordezkariak, eragile sozioedukatiboak eta ikasleak izango dira gehien bat. Lau sare tematikotan egindako lanaren berri emango dute topaketan: Hiri inklusiboa, hiri hezitzailea, Gasteizko Udala buru duela; Berdintasunezko eta genero indarkeriarik gabeko hiriak, Sevilla buru duela; Lan eredu kooperatiboak: hiri hezitzaile baten ber-ekintza, Aviles buru duela, eta Garapen iraunkorraren helburuak haurrak inplikatuta (II. fasea) Lleida buru duela. Gainera, RECEko hiriek 4 sare tematiko horietan oinarritutako esperientziak erakutsi ahalko dituzte.
Programa
Martxoaren 17ko 09:00etan emango zaio hasiera, eta ondoren Hezkuntzaren egungo egoera. Erronka nagusiak izenburuko hitzaldia emango du Francisco Javier Murillok. XV. Topaketan hiru elkarrizketa-mahai izango dira, hiri hezitzaile bat sendotzeko funtsezkotzat jotzen diren hiru alderdiren inguruan sakontzeko: Lidergo politikoa eta eskumen-garapena, Gobernantza eta sareko lana eta Esku hartuko den errealitatearen analisia eta hezkuntzako udal-politiken ebaluazioa.
Martxoaren 18an (ostirala), batzar nagusia egingo du RECEk 12:00etan, eta bertan jakinaraziko da Gasteizek zein hiriri emango dion lekukoa sarearen koordinatzaile gisa, 2022-2023 aldirako. Halaber, ezagutzera emango dira jarraipen-batzordea osatuko duten hiriak eta aldi horretan garatuko diren gaikako sareak. Azkenik,amaiera-ekitaldia egingo da.
Bisita gidatuak eta harrera
Parte hartzaileek bertatik bertara ezagutu ahal izango dituzte Gasteizko espazioak eta baliabideak – hezkuntza, arte eta kulturaren arlokoak–, bereziki horretarako antolatutako bisita gidatuen bidez. Bisita horietan, Gasteiz hiri hezitzaile gisa eraikitzeko baliabideak eta zerbitzuak ezagutuko dira. Horiek alderdi hauekin lotutakoak izango dira: lehen haurtzaroko hezkuntza, genero-berdintasuna, hurbileko zerbitzuak, komunitate-proiektuak, iraunkortasuna, hezkuntza bizitzan zehar, eta erakundeen arteko lankidetza. Programa soziala ere bada topaketaren osagarri: harrera ofiziala Santa Maria katedralaren atarian eta bisita gidatuak hiriko hirigune historikora eta Eraztun Berdera.