Karabana Langraiz Okan hasi da 10:30ean, eta 11:15etik aurrera Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitza inguratu du, besteak beste, Latinoamerikako biribilgunean eta Forondako Atean zirkulazioa blokeatuz. 13:00ak aldera, protestari amaiera eman diote.
Oraingoz, aurrera doa garraiolarien greba mugagabea, eta, bitartean, hornidura arazoak lurraldeko lantegi askotara hedatzen ari dira. Grebalariak autonomoak eta enpresa txikiak dira batez ere, baina Hiru garraiolarien sindikatuak ere bat egin du grebarekin: "Inork ez dezala kostuen azpitik lan egin, tarifen berrikuspena gastuen gehikuntzaren arabera, eta garraioan diren jokabide makurren kontrola, besteak beste, postontzi-enpresa, kooperatiba faltsu eta azpikontratazioena", aldarrikatu du Hiruk.