Egoitzetan osasunaren pribatizazioaren aurkako mobilizazioa, martxoaren 19an

Erredakzioa 2022ko mar. 15a, 12:37
Egoitzetako senideen protesta, bizi baldintza duinen alde. / Argazkia: BABESTU

Larunbat honetan, martxoaren 19an, Babestu Araba elkarteak elkarretaratze bat egingo du, 12:00etan Foru Aldundiaren aurrean, egoitzetan osasun publikoa aldarrikatu eta pribatizazioa arbuiatzeko.

Adinekoen egoitzetako senideak biltzen dituen Babestu elkarteak "osasun publikoa eta lehen arretatik abiatutako zaintza" aldarrikatu du egoitzetako egoiliarrentzat. Izan ere, "zaintzak hobetu eta egoitzetan eskubideak errespetatu beharrean, guztiz kontrakoa egiteko urratsak" ematen ari direla salatu dute.

"Administrazioek urteak daramatzate egoitzetako erabiltzaileekiko betebeharrei muzin egiten. Pribatizazioa da haien helburu bakarra, egoiliarrak hirugarren mailako herritar gisa tratatuz. Gaur egun, osasun arreta publikoa herritar guztien eskubidea da; hori uste genuen, baina errealitatea bestelakoa da", ohartarazi dute.

Babestu elkartearen arabera, egoitzetako erabiltzaile gehienak ez ditu Osakidetzak artatzen: "Batzuek mediku propioa dute, 24 orduz, nahiz eta egoitza gehienetan ez den ordutegi hori betetzen. Beste batzuek badute medikua zenbait orduz, dekretuak behartzen dituen beste. Badira beste batzuk, lehen mailako arretako medikuak artatzen dituenak".

Gainera, "plaza publikorik ez dagoelako", egoitzetako egoiliarrek "neurriz kanpoko prezioak" ordaindu behar izaten dituztela ohartarazi dute. "Hori gutxi balitz, osasun publikorako eskubidea izan arren, prezio horiek igo egiten dira mediku pribatu bat ordaintzeko, eskatu ez badute ere", dio Babestu Elkarteak.

"Zergatik ez ditu artatzen dagokion osasun zentroko familia-medikuak?", galdegin dute. Izan ere, egoiliarrak Araban erroldatutako pertsonak dira oraindik, bizilekua aldatu dutenak eta bertan betebehar fiskalak betetzen dituztenak. Lehen etxebizitza partikularretan bizi ziren, eta orain egoitza zentroetan. "Inor ez dute arretarik gabe uzten etxez aldatzeagatik. Haiek bai. Agian erakundeentzat erakargarriak izateari utzi diotelako".

Martxoaren 19an, mobilizazioa

"Osasun arreta publikoa jasotzeko eskubidea kentzea lehen mailako arreta suntsitzen ari diren beste froga bat da. Administrazio jakin batek ezin ditu oinarrizko eskubideak urratu, hala nola sistema publikoan osasunerako eskubidea, prebentziorako eskubidea eta patologien jarraipena egiteko eskubidea", kritikatu dute.

Horregatik, datorren larunbatean, martxoaren 19an, 12:00etan Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea deitu du Babestu elkarteak, "egoitzetako erabiltzaileen eskubideak" aldarrikatzera. "Zer gehiago kenduko diete? Noraino iritsiko da Administrazio publikoak egoitzetako erabiltzaileekiko duen mespretxua? Gutxi iruditzen al zaizue jasotzen ari diren tratu txarra?", gaineratu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide