Arabako egoitzetako langileek grebara joko dute martxoaren 30ean, "blokeoarekin" amaitzeko

Erredakzioa 2022ko martxoaren 15a

ELA eta LAB sindikatuen agerraldia. / Argazkia: ELA

ELA eta LAB sindikatuek deituta, martxoaren 30ean greba eguna izango dute Arabako adinekoen egoitza pribatuetan, negoziazioen "blokeoa" amaitzea eta langileen "baldintza prekarioekin" amaitzeko hitzarmena exijitzeko.

Hiru urte baino gehiago luzatu da dagoeneko Arabako egoitza pribatuetako lan gatazka. Hasieran, Araban sektoreko lehen hitzarmena lortzeko negoziazio mahaia sortzea eskatzen zuten langileek; orain, negoziazioak hasi zirenetik bizi izandako "etengabeko blokeoa" salatu dute ELA eta LAB sindikatuek.

"Patronalak bere plataforma eskas eta prekarizatzaileari eutsi dio, eta plataforma hori erabiltzen ari da negoziazioa blokeatzeko, ez baitizkie Arabako adinekoen egoitza eta etxebizitza komunitarioen sektoreko langile guztiei lan baldintza duinak bermatzen, eta Bizkaiko edota Gipuzkoako lan baldintzen azpitik kokatzen ditu", kritikatu dute.

Egoera horren aurrean, martxoaren 30ean grebara jotzea erabaki dute langileen ordezkaritza zabala duten bi sindikatuek, mobilizazioa eta protesta dinamikak berriro aktibatzea "ezinbestekotzat" jota.

ELAk eta LABek azaldu dutenez, patronalaren proposamenaren arabera, langileen hileko soldata 1.220 eurokoa —"KPIaren inolako bermerik gabe"— izango litzateke hitzarmena amaitzerako, hau da, 2026rako; gainera, 1.742 orduko lanaldiarekin jarraitzea "gehiegikeria garbia" dela salatu dute.

"Ez dugu onartuko sektoreko 1.000 emakume langile baino gehiagoren bizitza hobetzen ez duten baldintza horiek", ohartarazi dute langileen ordezkariek. Langileen proposamena egoera hori "iraultzea" da: kategoria guztietan %50eko igoera, KPIa (2022rako) eta sektoreko langile guztien erosahalmena bermatzea. Gainera, 2022rako 200 orduko jaitsiera izatea nahi dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago