Hezkuntza "publiko, euskaldun eta propioaren" aldeko greba deitu dute martxoaren 25erako

Erredakzioa 2022ko martxoaren 15a

Greba iragartzeko sindikatuen agerraldia. / Argazkia: LAB

ELA, LAB, STEILAS eta CCOO sindikatuek hezkuntza greba deitu dute martxoaren 25erako, Hezkuntza Legearen zirriborroa arbuiatzeko. Gainera, hilaren 18an eta 28an mobilizazioak egingo dituzte Publikoa, euskalduna eta propioa lelopean.

Greba hotsak sektore guztietan. Gaur bertan, hezkuntza grebara deitu dute ELA, LAB, STEILAS eta CCOO sindikatuek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza zentroetan, Hezkuntza Legearen zirriborroarekin bat ez datozela salatzeko, eta beren eskakizunak aintzat har ditzaten.

Horretarako hiru mobilizazio egun antolatuko dituzte datozen asteetan: martxoaren 18an eta 28an mobilizazioak egingo dituzte, hezkuntza "publikoa, euskalduna eta propioa" aldarrikatzeko; 10:30ean elkartuko dira Eusko Legebiltzarraren aurrean.

Bi data horien artean, hilaren 25ean, greba deialdia EAEko hezkuntza sektore osora hedatuko da; gainera, egun horretan, manifestazio nazionala egingo dute Bilbon, 11:30ean Arriagatik.

"Publikoa, euskalduna eta propioa"

Hezkuntza Legearen gaineko lau eskakizun plazaratu dituzte sindikatuek: alde batetik, publikoa izatea, "beste edozeren gainetik, betiere, langileen zein ikasleen eskubideak bermatuz, eta horien parte-hartzea eta adostasuna kontuan izanda"; bestetik, legea propioa izatea nahi dute, "EAEko hezkuntzan erabateko eskumenak eskuratuz, eta Euskal Herriko gainontzeko lurraldeekin elkarlana areagotuz"; hirugarrenik, euskara eta bizikidetza balioak erdigunean jartzea exijitu dute.

Horrez gain, inbertsioa eta baliabideak handitzea eskatu dute, enplegua zein lan baldintzak bermatzeko, "merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at", eta baita segregazioari aurre egiteko ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago