Fernando Moleres argazkilari eta dokumentu-bideogileak Melting Landscapes (Paisaiak urtze bidean) proiektua erakutsiko du Atarian. Klima-aldaketaren inguruan hausnartzeko oinarriak bildu ditu 34 argazkiz osatutako erakusketan. Klima-aldaketaren arazoari eta horrek planetako bi alderdi sentikorrenetan dituen ondorioei buruz kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekintzak garatzen laguntzea du helburu.
Argazkiek izotz-paisaien desagertze isila islatzen dute. Fernando Moleresek –Bilbon jaioa (1963) baina egoitza Bartzelonan – urteak daramatza lurraren mugetan lanean, lurreko tenperatura igotzeak dakarren arazo handiena jendeari ezagutarazteko. 2014an bere ibilbideari ekin zionetik, egunkari askotan argitaratu dira Artikoari eta Antartikoari buruz egin dituen lanak.