Aisialdian euskararen erabilera sustatuko dute hezitzaileentzako gida batekin

Erredakzioa 2022ko mar. 14a, 13:36
Aldundia, Gasteizko Udala eta GEU elkarteko ordezkariak, gidaren aurkezpenean. / Gasteizko Udala

Ludoteketan erabiltzeko gida bat aurkeztu dute, horietan lantzeko estrategia eta adibide praktikoekin.

Arabako Aldundia eta Gasteizko Udala aisialdian eta kirolean euskara sustatzeko hainbat bide bilatzen ari dira 2014tik, sektoreko pertsonentzat, eta oraingoan bi erakundeek gida bat argitaratzea erabaki dute, arlo horietan lan egiten duten hezitzaileei euskararen erabileran eragiteko kontuan hartu beharreko irizpideak proposatzeko.

Ikerketen arabera, 4-8 eta 9-12 urte bitarteko haurren sozializazioa, familietan eta eskoletan ez ezik, eremu ez-formalean ere gertatzen da: aisialdian, udalekuetan, eskolaz kanpoko jardueretan, kiroletan, ludoteketan… "Haurrek eta nerabeek aukera izan behar dute beren ikaskideekin harreman berriak euskaraz sortzeko eta euskaraz bizipen atseginak jasotzeko", adierazi dute aurkezpenean. "Euskararen erabileran eragin nahi badugu, hezitzaileak euskarria izan behar du; hau da, ulertzen duten neurrian, elkarrizketetan euskara mantendu behar du, solaskideak gaztelaniaz erantzun arren". Hezitzaileak eragina izan dezake parte-hartzaileen arteko elkarrizketetan, horietan parte hartuz, euskarak solasaldian presentzia galtzen duenean. 

Ludoteketarako gida

Oraingo honetan, ludoteketan euskararen erabilera sustatzeko gida bat aurkeztu dute. Gida honek badu berezitasun bat: modu parte-hartzailean sortu da. Izan ere, Geu Elkartea, gidaren sortzailea, Gasteizko eta Arabako ludoteketako hezitzaile batzuekin bildu da, eta esparru teorikoa ludotekaren eguneroko dinamikara nola eraman landu dute beraiekin. 

Gidaliburuan aisialdiko hainbat egoeratan euskara erabiltzeko moduari buruzko gomendioak aurki daitezke, baita ludoteken berezitasunak eta horiek nola kudeatu ere, lantzeko funtsezko 4 estrategiez eta adibide praktiko eta proposamen batzuez gain.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide