Lehen sektoreko zein landa garapeneko proiektuak aintzatesteko Nekazaraba Sarien bigarren edizioa ospatu da asteburu honetan. Horien bitartez "lehen sektoreak lurraldea egituratzeko, enplegua sortzeko eta kalitatezko ondasun eta zerbitzuak hornitzeko duen balio estrategikoaz jabetuta, bere ekarpena aitortu eta babestu" nahi du Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak.
Nekazaraba Sariek bi urtean behin Arabako pertsonak, entitateak edo produktuak nabarmentzea dute helburu. Edizio honetan, 2021eko bost proiektu saritu dituzte, bost kategoriatan banatuta: Berrikuntza, Elikagaien Bikaintasuna, Ibilbide Profesionala, Landa Garapena eta Arabarekin eta Lehen Sektorearekin.
Fresaraba
Berrikuntza kategorian, Santiago Osa Mendi buru duen Fresaraba proiektua aitortu dute. Fresa eta fruitu gorriak ekoizten dituen ustiategia da, Erriberako Antezanan kokatua, Erriberagoitia udalerrian. Kontsumitzaileei Araban ezagutzen ez zen bertako produktu bat eskaintzeko konpromisotik sortu zen: marrubi zaporea. Produktu freskoa, tokiko merkaturako, natura eta urtaroak errespetatuz. Lurraldeko ekoizpen tradizionalen aukera zabaltzen duen ekoizpena, eta despopulatzeko arriskua duen eskualde batean lanpostuak sortzen dituena.
La Leze gaztantegia
Elikagaien Bikaintasunaren kategorian, Ilarduiako (Asparrena) Jauregi-Gorrotxategi familiaren La Leze gaztandegia saritu da. Jose Mari Jauregik, Elisabeth Gorrotxategik eta Arkaitz semeak osatutako gaztandegi familiarra da. 1992an erabaki zuten bizimodu horren, artzaintzaren eta kalitate handiko gaztagintzaren aldeko apustua egitea. Milaka urteko elaborazio prozesu batean oinarrituta, Altzaniako mendizerrako artzaintzan oinarrituta eta bere ukitu pertsonala emanez, hainbat sari eta aitorpen lortu dituzte Eukal Herrian, estatuan eta nazioartean egindako artzain gazten lehiaketetan.
Marino Ruilope
Ibilbide Profesionalaren kategorian, Gesaltza Añanako Marino Ruilope Salazarren lana aitortu dute, gazte-gaztetatik eta erretiroa hartu zuen arte nekazaritza eta abeltzaintzako sektorearen egituraketan eta Arabako hainbat erakundetan aktiboki parte hartu zuen nekazaria. Añana Mendi Nekazaritzako Elkartearen sustatzailea izan zen, Gaubea-Añana zereal kooperatibako presidentea, Garlan Kooperatiba Taldea, Tumecillo de Valles Alaveses Ureztatzaileen Komunitatea, UAGA nekazaritzako eta abeltzaintza sindikatuko hainbat sektoretako ordezkaria, Euskadiko Rural Kutxako kidea, eta alkatea eta zinegotzia Gesaltza-Añanako Udalean, besteak beste.
Villa Lucia proiektua
Landa Garapena kategorian, Lavin Santamaria familiak ordezkatutako Villa Lucia proiektuak jaso du saria. Guardian dago, eta 2000. urtean sortu zen Ardoaren Zentro Tematiko gisa, Arabako Errioxako ardoaren kalitatea eta nortasuna oinarri hartuta sortutako turismo produktu berezi bat eraikitzeko helburuarekin. Familia baten ametsa irudikatzen du: gozatzea eta bere bezeroen gozamena lortzea, Luchi Santamariaren sukaldaritza tradizioan oinarritutako sukaldaritza, familiaren eta gure lurraldearen bihotza. Lurraldeari, iraunkortasunari, sormenari eta tokiko zein inguruko ekoizleekiko erantzukizunari lotutako gastronomia balioestea.
Alberto Lopez de Ipiñari omenaldia
Azken kategorian, Arabarekiko eta Lehen Sektorearekiko konpromisoa aitortzeko, Alberto Lopez de Ipiña Samaniego arabar eredugarria omendu dute, Arabako elikagaien, ekoizleen, herri sukaldaritzaren eta kultura gastronomikoaren dibulgatzaile gisa egindako lan desinteresatu eta ordainezinagatik. Boilur (Arabako Elkarte Gastronomikoen Federazioa) eta Convivium Slow Food Araba elkarteetako lehendakari gisa, kalitatezko tokiko produktuen sustatzaile nekaezina izan zen, ingurumenarekiko eta biodibertsitatearen babesarekiko erantzukizuna zuten ekoizleei lagunduz. Arabaren zale amorratua, adeitsua eta hurbila, foru funtzionario gisa zerbitzatzen ere eman zuen bere bizitza.