EAEko erakunde publikoek euskarazko hedabideak finantzatzeko hitzarmena berritu dute

Erredakzioa 2022ko martxoaren 11

Euskadiko Artxibo Historikoan egin dute ekitaldia. / Tokikom

Eusko Jaurlaritzak eta EAEko hiru Foru Aldundiek euskarazko hedabideak diruz laguntzeko hitzarmen markoa berretsi dute gaur

Eusko Jaurlaritza eta EAEko hiru Foru Aldundien ordezkariak Bilbon batu dira gaur, Euskadiko Artxibo Historikoan, euskarazko hedabideak diruz laguntzeko hitzarmen markoa berritzeko. Ekitaldian, erakunde publikoak ez ezik, hedabideen ordezkariak ere izan dira, tartean ALEA bazkide den TOKIKOM.

2019an egin zen bezala, beste hiru urterako marko bat onartu da, 2022-2024 bitartean indarrean egongo dena. Guztira, urtero 11,5 milioi euro bideratuko dira hedabideon jarduna finantzatzera. Erakundeek azaldu dutenez, hitzarmenak bi helburu nagusi ditu: euskarazko hedabideon garrantzia aitortzea, eta sektorea egonkortu eta sendotzeko eredu berri bat bilatzea.

Hiru urte hauetan sakontzeko hainbat gai dituzte erakundeek zein hedabideek sortutako mahaian. Tartean, hedabidegintzak bizi duen krisiari aurre egiteko berrikuntza beharrak eta digitalizazioa.

"Ibilbide emankorra"

TOKIKOMeko zuzendari Alaitz Artolazabalen esanetan, "zifretatik haratago, azpimarratzekoa da erakundeak eta hedabideak elkarrekin lan mahai bateratua osatu eta langaiak bertan adosteko egindako ibilbide emankorra".

Hekimenek, bere aldetik, hedabide ekosistema osasuntsua izatearen garrantzia azpimarratu du: "Hizkuntzaren normalizazioa bilatzen duen edozein egitasmorentzat berebiziko garrantzia du euskarazko komunikabide sare zabal eta sendoa izateak. Izan ere, eskaintza horri esker, milaka lagunek euskaraz bizitzeko aukera gehiago dute".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago