The Toy Dolls eta The Afghan Whigs, Azkena Rocken nobedadeen artean

Erredakzioa 2022ko martxoaren 10a

Ekainaren 16an izango da The Toy Dolls taldea. / TTD.

Urteurrena dela eta, egun bat gehiago izango du jaialdiak, eta The Offspring, Fu Manchu eta Morgan arituko dira, besteak beste, ostegunean.

Azkena Rock Festival jaialdia indarberrituta dator 20 urteko historia ospatzeko, eta rock and rollaren artista garrantzitsuenei eta munduko ikus-entzule onenei harrera egiteko irekiko ditu ateak. Bi urtez jaialdirik gabe egon ostean, edizio berezi honetako kartela osatzeko falta ziren izenak iragarri ditu gaur ekainaren 16an, 17an eta 18an Mendizabalan ospatuko den jaialdirako. Eguneko sarrerak martxoaren 14an, astelehenean, jarriko dira salgai, 09:00etan.

Izen enblematiko ugari iragarritakoak ziren jada, hala nola Patti Smith, The Offspring, Emmylou Harris, Social Distortion edo Suzi Quatro, eta gaur izen berriak gehitu dizkiete zerrenda horri: The Afghan Whigs, disko berria aurkezteko Estatuan egingo dituzten kontzertu urrietako batean, Blind Melon taldeko Christopher Thorn gitarra-jotzailearekin batera; izan ere, Gregg Dulli Mendizabalan izan zen azkeneko aldian Mark Lanegan-ekin batera etorri zen. Adiskide mina izateaz gain, Lanegan rockaren munduan azkenaldian gertatu den galera handietako bat ere izan da, eta haren ordez etorriko da Thorn, jaialdirako berariaz. 

Alice in Chains taldeko buru eta sortzaile Jerry Cantrell ere badator ARF jaialdiaren urteurrenarekin bat egitera, eta oso emanaldi berezia izango da, lehenengo aldia izango baitu Estatuan bakarka, 20 urtean atera duen lehen diskoa zuzenean jotzen. Hiss Golden Messenger, musika amerikar independentearen erreferente garrantzitsuenetako bat, disko berria aurkeztera dator jaialdira, 2015. urteaz geroztik Estatuan egingo duen kontzertu bakarrean. Michael Monroe, 2008ko ARFn arrakasta handia izan zuen Hanoi Rocks taldeko abeslari legendarioa Mendizabalara itzuliko da, bere disko berria aurkeztu eta spagat mitikoa erakustera. Israel Nash ere disko berriarekin dator, Estatuan jo gabe urte asko pasa ondoren. The Toy Dolls Gasteizera datoz 2009ko kontzertu gogoangarria errepikatzeko helburuarekin; urte hartan Mendizabala erabat aztoratu zuten ohera joateko garaian, asteburu nekagarri baten ondoren. 

Artisten zerrenda horretan ezin zuen hutsik egin Riley Walker abeslariak, uneko kantautore originaletako bat, bai bere ahots-melodia originalengatik, baita rock, blues eta psikodeliaren artean mugitzen den soinuagatik ere. 90eko metal alternatiboko olatuari jarraikiz, Life of Agony sasoi batean dator Mina Caputoren gidaritzapean; Caputo metalaren munduan dauden trans artista gutxietako bat da. Psychobilly europarraren maisuak, Mad Sin zer egiteko gai diren aurkeztera datoz Mendizabalara.

Oraingo honetan, gainera, jaialdian arituko dira Adia Victoria, eszena amerikarrean toki nabarmena hartzen ari den konpositore eta abeslaria, Jason Isbell edo T-Bone Burnett handien babespean; Morgan Wade promesa gaztea, country berrian musika interesgarriena egiten ari den ahotsa, Dolly Partonekin ere alderatzen dutena; eta Dirty Honey, Guns N´Roses taldearen ondorengotzat hartzen direnak, Slash bera izanik aitabitxi.

Bertako figura garrantzitsuekin ere partekatu nahi du jaialdiak aurtengo ospakizuna; horrela, bada, Arabako historian talderik garrantzitsuenetako bat den Soziedad Alkoholika izango da; Morgan, prentsa espezializatuaren arabera iazko lanik onenetako bat den The river and the soul diskoarekin; Ilegales banda mitiko eta basatiak 40 urteko ibilbidea egin du eta ezin zuen hutsik egin, beraz, jaialdian; eta Delirium Tremens, ibilbide labur baina bizia eten eta 30 urte geroago bueltan dena.

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago