Apirilaren 5etik aurrera, Rentafacil proposamena eginda daukaten zergadunak egoitza elektronikoaren bidez sartu ahal izango dira —BAK, BAKQ edo beste edozein ziurtagiri digital baliodunaren bidez identifikatuta—, beren proposamena egiaztatu, onetsi edo, hala badagokie, aldatzeko; azken kasu horretan, alokatutako ondasun higiezinen etekinak, ohiko etxebizitzaren alokairuaren kenkaria eta banku-helbideratzeko kontua erantsi beharko dute.
Egoitza elektronikotik kanpo proposamena Rent@raba modalitatearen bidez baieztatzeko epea, ordea, apirilaren 25etik ekainaren 17ra artekoa izango da, Ogasunaren Gasteizko, Laudioko eta Guardiako bulegoetan. Zergadun guztiak baliatu ahal izango dira doako zerbitzu horretaz, salbu eta 2021ean jarduera ekonomikoren bat egin dutenak, ohiko etxebizitza saldu dutenak, higiezin edo akzio salmentako hiru eragiketa baino gehiago egin dituztenak edo kotizatu gabeko merkataritza-sozietateen partaidetzak saldu dituztenak.
Denbora horretan, herritarrentzako aurrez aurreko arretaz gain, aholkularitzek eta gestoriek aurkeztu ahal izango dituzte beren bezeroen errentaren eta ondarearen gaineko zergetako aitorpenak.
Horrez gain, Rentared modalitatean ere aurkeztu ahal izango dira aitorpenak —Arabako Ogasunak prestatutako pertsona fisikoen errentaren gaineko zergako laguntza-programaz baliatuz zergadunek egindakoak—, Arabako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bitartez. Horretarako, baliozkoak izango dira Izenpek emandako BAK, BAKQ edo baliozkoa den beste edozein ziurtagiri digital.