Leah Whitman ikertzaile eta editorea aukeratu dute Juncal Ballestin nazioarteko bekarako

Erredakzioa 2022ko mar. 9a, 11:24
Euskal Herriko artista feministen inguruko ikerketa egingo du Whitmanek. / Alea

Euskal Herriko artista, idazle eta pentsalari feministen inguruko ikerketa sakona egiteko proposamena aurkeztu du.

Leah Whitman-Salkin ikertzaile eta editorea aukeratu dute Juncal Ballestin Nazioarteko Bekaren 2022ko deialdirako. Artiumek sustatzen du beka Euskal Herriko nahiz nazioarteko arte feministaren historiografia garatu eta museoaren programei eta haren bildumari atxikitako emakumezko artisten eta pentsalarien ekoizpenak aztertzeko helburuarekin. 

Guztira 24 hautagaik betetzen zituzten aurten deialdiaren baldintzak, tartean Whitman-Salkinek. Euskal Herriko artista, idazle eta pentsalari feministen inguruko ikerketa sakona egiteko proposamena aurkeztu du bekara, mundu osoko emakumeen eta idazleen ahotsa azaleratzeko proiektu baten barruan. Bederatzi hilabeteko epea izango du lan hori gauzatzeko, eta Artiumen Ikerketa eta Dokumentazio Zentroarekin eta Euskal Herriko artxiboen eta literatura itzulpenaren esparruko profesionalekin lankidetza estuan jardungo du.

Leah Whitman-Salkin (Alaska, AEB, 1986) historialaria eta editorea Montana argitalpen-proiektuaren aitzindaria da: proiektu horrek liburu sail bat du oinarri, itzulpen, fikzio, poesia eta saiakera sozial eta literarioari lotua, eta konpromiso berezia du mundu osoko emakumezko idazleekin eta gaur egun garrantzi eta oihartzun berezia duten obra ahantzi edo baztertuekin. Hain zuzen ere, Whitman-Salkinek Juncal Ballestin Nazioarteko Bekaren lehen deialdira aurkeztu duen proposamenak ikerketa-lan horren hedapena planteatzen du, eta azken xedea du Euskal Herriari loturiko egile baten obra bat ingelesera itzultzeko proiektua gauzatzea.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide