'Juani' etxe okupatuko lehen solairua desalojatu dute

Erredakzioa 2022ko mar. 9a, 11:00
Soilik lehen solairurako desalojo agindua dago. / ALEA

Hasiera batean otsailaren 28rako iragarritako desalojoa gaur gauzatu du Ertzaintzak, Judimendi auzoko Juani etxe okupatuan. Goizeko lehen ordutik ingurua hesitu ostean, 10:20ak aldera atea bota eta lehen solairua desalojatzen hasi dira.

Gasteizko Judimendi auzoko Juani etxe okupatuko lehen solairua utzarazten ari dira gaur goizean, Fincas Armentia higiezinen enpresaren salaketaren ondorioz. Elkartasuna adierazteko dozenaka gazte hurbildu dira etxe ingurura.

Hala Bedi hedabideak bertatik bertara jarraitu du desalojoa. Utzarazte agindua 10:30erako iragarrita zegoen arren, goizeko lehen ordutik —gutxienez 9:00etatik aurrera—, ingurua hesitu dute Ertzaintzak eta Udaltzaingoak. Sarrailagilea atea irekitzen saiatu da, baina, azkenean, Ertzaintzak kolpeka botatzea lortu du, 10:20ak aldera. 10:40an, lehen solairura iritsi dira, eta bertan erresistentzia egiteko bildutako lagunak ateratzen hasi dira.

Duela bost urte baino gehiago okupatu zuten Juani, Juan II.aren kaleko 1. zenbakian kokatuta dagoen eraikina. Okupatutako blokearen solairu bakoitzak legezko jabe ezberdin bat dauka, eta, ondorioz, egungo bizilagunek hainbat prozesu judizial dituzte zabalik. Gaur lehen solairua utzarazi dute, horren legezko jabe Fincas Armentia higiezinen enpresak egindako salaketaren ondorioz.

Irudiak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide