Argazkiak

Feminismoaren sugar morea berpiztu dute Arabako kale eta plazetan

Erredakzioa 2022ko mar. 8a, 22:30

Mobilizazio asko antolatu dituzte Araba osoan zehar. / ALEA

Martxoaren 8an, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren harira, dozenaka mobilizazio eta ekitaldi antolatu dituzte Araba osoan zehar, bai herrietan bai Gasteiz hiriburuan. Kuadrillaz kuadrilla, morez jantzi dituzte kaleak eta plazak.

Euskal Herriko mugimendu feministak —Zapaltzen gaituen sistemari sua, antolakuntza feminista gure garra lelopean—, tokiko erakundeek eta bestelako eragileek martxoaren 8an zein aurreko eta ondorengo egunetan antolatutako mobilizazio, ekimen eta ekitaldien irudiak bildu ditugu ALEAn:

GASTEIZ

Goizeko lehen ekimena ikasle mugimenduaren eskutik izan da; 10:00etan, EHUren Gasteizko Campuseko neska* ikasleek mobilizazioa egin dute Elurretan. Eguerdian, Gasteizko Udalak erakunde adierazpen bat plazaratu du, "berdintasunaren aldeko konpromisoa indartzeko" eta Berdintasunaren Legea berritzeko beharra aldarrikatuz.

19:00etan, San Anton plazatik hasi da Gasteizko mugimendu feministaren manifestazioa, Zapaltzen gaituen sistemari sua, antolakuntza feminista gure garra lelopean. Urtero bezala, milaka eta milaka herritar batu dira eguneko mobilizazio nagusira; tartean, 18:45ean Rafa plazatik abiatu den Neska* Gazteen Blokea. Manifestazio jendetsuaren ostean, mugimendu feministako bozeramaileek, etxeko emakume langileek, pentsiodunek, Apasos elkarte animalistak, LGTBIQ+ mugimenduak, Emakumeok Gerraren Aurka taldeak.

"Normaltasun berria jatorri bera duten krisi anizkoitzak estaltzeko modu bat baino ez da: zapaldu nahi gaituen sistema patriarkal, kolonial, kapitalista, estraktibista, biozida, heteronormatiboa eta kapazitista. Sistema honek zaurgarritasuna eta desberdintasuna sortzeaz gain, horiek behar dituelako gertatzeko", adierazi du mugimendu feministak, horren aurrean, feminismoan antolatzeko "premia larria" aldarrikatuz.

Nolanahi ere, arratsaldeko lehen mobilizazioa Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak egin du, eta ehunka gazte abiatu dira 18:30ean Andre Maria Zuriaren plazatik. Bertan, mugimendu feministari eta alderdi politiko instituzionalei kritika egin eta "emakume langileak zapalkuntza egoeratik askatzeko forma bakarra Estatu Sozialista eraikitzea" dela aldarrikatu dute.

AIARALDEA

Argazkiak: AIARALDEA.eus (Izar Mendiguren Cosyaga eta Aimar Gutierrez Bidarte)

Aiaraldean, Prekarietatearen aurrean feministok borrokara! lelopean, egitarau feminista bateratua antolatu dute goizetik Aiaraldeko mugimendu feministak, Laudio eta Orozkoko neska* gazteek, Otsemeak taldeak, Ikamak, Matxintxuk eta Artiach eta Mercedariaseko langileek: 12:00etan, Laudioko institutuaren aurrean, eskualdeko ikasleen elkarretaratzea egin dute; 12:30ean, Orozkoko Artiachen, Artiacheko langileekin elkartasun ekimena; 14:30ean, Orozkoko Ibarra auzoan, Madres Mercedariaseko langileekin mobilizazioa; eta 17:00etan, Orozkoko plazatik, eskualde mailako mobilizazioa.

Bestalde, Laudion, ekitaldi instituzionala egin dute 12:00etan, herriko plazan. 18:30ean, leku berean elkarretaratzea antolatu dute Solastiar, Avillo, Jakaranda eta Etawasol elkarteek.

Amurrion ere askotariko ekimenak egin dituzte: 12:00etatik 13:30era, emakumeen topaketa herriko plazan; 12:30etan, Virginia Imazen bakarrizketa eta Amurrioko emakumeen prozesu parte-hartzailearen aurkezpena, herriko plazan; 13:30ean Artiacheko langileekin elkartasun ekimenarekin bat egin dute Orozkon; 18:30ean, Marabillas baserritarraren bakarrizketa; 19:20an, agiri instituzionalaren irakurketa; 19:30ean, mugimendu feministaren elkarretaratzea. Horrez gain, Amurrioko Udalak adierazpen instituzionala plazaratu du.

Eskualdeko udalerri nagusiez gain, Okondon ere elkarretaratzea egin dute, 18:00etan herriko frontoian.

AÑANA

Pobesen, Emakumeen Nazioarteko Egunari itxaron gabe, Berdintasunaren Lorategiaren inaugurazioa egin zuten martxoaren 6an, agiriaren irakurketak eta Perkuneskak taldearekin egindako kalejirak lagunduta.

Gaubean, berriz, nordic walking martxa bat egin dute gaur, eta 11:00etan abiatu dira Gaubeako udaletxetik. Eskualdeko mobilizazio nagusia Iruña Okan egin dute: 19:00etan Langraiz Okako udaletxetik abiatutako manifestazioa.

ARABAKO ERRIOXA

Martxoaren 8aren bueltan dozenaka ekimen antolatzen dituzte Arabako Errioxan, bai egunean bertan bai aurreko zein osteko egunetan. Arabako Errioxako mugimendu feministak manifestua plazaratu du, eta Arabako Kuadrillako langileek gaurko mobilizazioei hasiera eman diete: 13:00etan, elkarretaratzea egin dute tokiko erakundearen egoitzaren aurrean, "berdintasunezko gizarte bat" aldarrikatzeko. Gainera, eskualde osoan zehar antolatutako ekitaldietan parte hartzera deitu dute:

  • Bastida: 18:00etan, agiriaren irakurketa eta elkarretaratzea. Martxoaren 12an, 12:00etan frontoian, emakumezkoen frontenis finala; eta 19:00etan, Soy la bomba antzerkia Kultura Etxean.
  • Guardia:
    • Martxoaren 8an: 11:30ean, manifestuaren irakurketa Victor Tapia eskolako ikasleekin, Plaza Nagusian; 14:00etan, manifestuaren irakurketa, Plaza Nagusian; 16:30ean, Berdintasunaren aldeko oharrak Plaza Nagusian, Barbacana elkartearen eskutik; 17:30ean, Mundua aldatzen duten emakumeak haurrentzako antzerkia, Antonio Mijangos aretoan; 19:30ean, Harta de cuentos helduentzako antzerkia, Antonio Mijangos aretoan.
    • Martxoaren 12an eta 13an, Pintxo Feministen I. Lehiaketa, Biazteri, El Jubilado, Hiruko, Velar eta Juego de Etiquetas tabernetan; sari banaketa, martxoaren 14an 14:30ean Garcetas etxean.
  • Lantziego: martxoaren 8an, 16:30ean, kontzentrazioa eta agiria irakurtzea, ikastolaren patioan.
  • Navaridas: 13:30ean, manifestuaren irakurketa udaletxean; 19:00etan, banku morean plaka jartzea; 19:30ean dorrearen argiztatzea; 19:30ean, merienda eta esperientzien partekatzea, udaletxearen aurrean.
  • Oion: goizean, kafe feminista; 10:30etik 12:30era eta 18:30etik 19:30era, plazaren dekorazioa eta aldarrikapenen irakurketa. Horrez gain, amantalak balkoian eskegitzera animatu dituzte bizilagunak.
  • Leza: martxoaren 6an, Zaintzak zaindu lelopean, mobilizazioak: 11:30ean, ospitalera ibilaldia; 12:00etan, kontzentrazioa ospitalean eta ibilaldia herri erdiguneraino; 15:00etan, norberak kudeatutako bazkaria. Bideoa: Maite Orue, Arabako Errioxako M8 Batzordearen kidea.

GORBEIALDEA

Gorbeialdeko mugimendu feministak egitarau oparoa antolatu du egunotarako, Urkabustaiz, Zuia eta Zigoitian:

    • Martxoak 4: neska* gazteen poteoa hiru udalerrietatik, Errekatxon hasita.
    • Martxoak 5 eta 6: egun osoko egitarauak, Izarran.
    • Martxoak 8: 16:30ean kaleen aktibazioa eta 19:00etan manifestazioa Sarriako bidegurutzeko parkingetik; gainera, Zuiako udaletxeko plazan hainbat lagun elkartu dira goizean, Udalak eta institutuak berdintasuna aldarrikatzeko antolatutako ekimenean.
    • Martxoak 11: gau feminista, 19:30ean Murgian. Gainera, Erre + Olatz Salvadorren kontzertua, Palatu pilotalekuan.

Aramaion, bi ekitaldi nagusi egin dituzte martxoaren 8an. 12:30ean, Gure emakumeon historia berreskuratzen erakusketaren bisita gidatua, Herriko Plazatik; historia egin duten Aramaioko hainbat emakume ezagutzeko aukera izan dute —Pilar Calixta Amilburu, Timoti Etxebarria, Margari Arana, Lutxi Arrieta, Maritere Irasuegi eta beste hainbat—, herriko toki estrategikoetan hainbat irudi jarri dira, eta beraiei erreferentzia eginez antolatu da bisita gidatua. Arratsaldean, 18:30ean, manifestazioa abiatu da Kultura Etxetik. Gainera, egitarauaren barruan, martxoaren 12an eta 19an maskulinitate tailerrak egingo dituzte herrian.

MENDIALDEA

Mendialdeko Lamingorriak talde feministak bi elkarretaratze deitu ditu eskualdeko udalerri nagusietan: 19:00etan Kanpezuko herriko plazan, eta 20:00etan Maeztun, Izki aurrean.

LAUTADA

Azkenik, Lautadari dagokionez, Aguraingo manifestazioa 18:30ean abiatu da Santa Maria plazatik; Dulantzin, berriz, elkarretaratzea egin dute, 20:00etan herriko plazan, eta jantzi edo apaingarri moreak eramateko dei egin du Dulantziko Talde Feministak.

Zure herriko mobilizazioen irudiak helarazi nahi badizkiguzu, bidali mezu bat erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora edo Whatsapp bidez 645 66 86 02 telefono zenbakira. Horrez gain, honako formulario hau bete dezakezu ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago