Eulalia Abaitua argazkilaria omenduko du Montehermosok

Erredakzioa 2022ko mar. 7a, 12:15
Apirilaren 24ra arte izango da erakusketa. / Gasteizko Udala

Irudiei hitzak jartzeaz arduratu dira, besteak beste, Katixa Agirre, Uxue Alberdi eta Karmele Jaio idazleak

Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat, Eulalia Abaitua (Bilbo, 1853-1943) argazkilaria omenduko du Montehermoso kulturuneak. Estereoskopiak: 16 + 16 erakusketa apirilaren 24ra bitartean izango da ikusgai lehen solairuko aretoan. Euskal Herriko lehen emakume argazkilariaren irudi-altxorra da, eta Bilboko Euskal Museoak ditu zaintzan.

Erakusketak hautsi egiten ditu ohiko formatuak, batu egiten baititu Eulalia Abaituaren 16 argazkiren iragan bisuala (3 dimentsiotako betaurrekoen bidez ikusiko duguna) eta ahozko oraina, emakume idazleek euskaraz grabatutako audioak (audio-giden bidez entzun ahalko dira). Idazle hauek arduratu dira irudiei hitzak jartzeaz: Katixa Agirre, Uxue Alberdi, Aurelia Arkotxa, Yolanda Arrieta, Leire Bilbao, Itxaro Borda, Tere Irastortza, Karmele Jaio, Mariasun Landa, Miren Agur Meabe, Laura Mintegi, Lourdes Oñederra, Eider Rodriguez, Danele Sarriugarte, Ana Urkiza eta Arantxa Urretabizkaia.

Lehen argazkilaria

Eulalia Abaitua Euskal Herriko lehen emakume argazkilaritzat jotzen da. 1870. urte inguruan, familia Liverpoolera joan zen bizitzera, eta, argazkigintzan hasi zen, bai materialak bai teknika lantzen. Material gisa beirazko plaka estereoskopikoak (positiboak eta negatiboak) eta gelatina-bromuroaren emultsioa erabiltzen zituen, Liverpoolen garai hartan fabrikatzen hasiak. 1878an Bilbora itzuli zen senar eta seme-alabekin, eta Begoñako Pinuaren jauregian finkatu zen. Eraikinaren sotoan argazki-laborategia jarri zuen, eta ordu ugari eman zituen bertan kamerarekin ateratako irudiak errebelatu, ikusi eta artxibatzen.

Argazkietan euskal ohitura, festa eta tradizioak islatu zituen. Emakume ugariren erretratuak egin zituen eta protagonismo eta duintasun handia eman zien: sardina-saltzaileak, arropa-garbitzaileak, esnedunak, ura garraiatzen ari ziren emakumeak, nekazariak… Erretratuak ia beti kanpoan atera zituen, argi naturalarekin. Profil, busto edo gorputz osoko erretratuak dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide