Mondra & Roll punk-rock jaialdia egingo da uztailaren 8an eta 9an, Arrasaten

Erredakzioa 2022ko mar. 3a, 11:30
Cock Sparrer, The Baboon Show, Cockney Rejects eta Des-Kontrol. / ALEA

Gasteiz Calling jaialdiaren antolatzaileen eskutik, Cock Sparrer, Cockney Rejects, The Baboon Show, Peter and The Test Tube Babies, La Excavadora, Des-Kontrol, Perlata eta Crap Arrasaten izango dira uztailaren 8an eta 9an, Mondra & Roll punk-rock jaialdian.

Punk-rockaren Euskal Herriko zein nazioarteko zaleek bi eguneko hitzordu berri bat izango dute uztailaren 8an eta 9an. Izan ere, HFMN Crew, Jimmy Jazz, Mauka Musikagintza eta Arrasateko Udalaren eskutik, Gasteiz Calling edo Barna'n'roll jaialdiek segida izango dute Arrasateko Monterron Parkean: hemen da Mondra & Roll, formatu txikiko punk-rock jaialdi berria.

Soilik 2.500 lagunentzako tokia izango du, eta sarrerak dagoeneko salgai daude Musikaze plataforman.

"Arrasatek punk-rock jaialdi propioa izan behar zuen", azpimarratu dute antolatzaileek, Euskal Herriko punkaren sehasketako bat delako, eta RIP, Zakarrak, Puñetazo eta beste hainbat talde bertan sortu direlako. "Covid 19-aren erruz bi urtez saiatu ondoren, hirugarrenean lortuko dugu, eta oraingoan ez gaitu ezerk geldituko, hemen dago Mondra & Roll, eta geratzeko etorri da".

Izen handiko taldeak

Jaialdiaren lehen edizio honetan, punk-rockaren historiako nazioarteko talde handiak izango dira: Cock Sparrer street punk talde handienak 50. urteurrena ospatuko du beren ereserkiekin; Arrasateko bandarik urtetsuenak, Des-Kontrolek, 25 urteko ibilbidea ospatuko du; Oi! musikaren asmatzaile Cockney Rejects talde mitikoa ere ostiral gauean arituko da, azken urteetan mundu osoaren ahotan dagoen Suediako The Baboon Show taldearekin batera. Haiekin batera, Peter and the Test Tube Babies eta The Capaces klasikoak ere oholtza gainean izango dira.

Bestalde, labealdi berriagoko bi talde erreferente izango dira kartelean: Bartzelonako La Inquisición eta La Excavadora gasteiztarrak; azken horiek Iñaki Urbizu Pela daramate frontman gisa.

Tokiko ordezkaritza jarriko dute Arrasateko Crap beteranoek, eta etorkizun handiko beste bi banda berrik: Perlata eta Zero (Txerra Bolinaga arrasatear gasteiztartuaren proiektu berria).

Egitaraua

Uztailak 8, ostirala · 19:00etatik aurrera

  • The Baboon Show
  • Cockney Rejects
  • La Inquisición
  • La Excavadora
  • The Capaces

Uztailak 9, larunbata · 18:00etatik aurrera

  • Cock Sparrer
  • Des-Kontrol
  • Peter and The Test Tube Babies
  • Perlata
  • Crap
  • Zero

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide