Sormena askatzeko deialdia

Erredakzioa 2022ko mar. 4a, 17:00
Jasotzen diren lanen kalitatea nabarmendu dute antolatzaileek. ELKAR

Haur eta gazteei bideratutako ipuin eta ilustrazioen lehiaketaren edizio berria abiatu du Elkar fundazioak. Irakurzaletasuna eta euskararen erabilera bultzatu nahi dituzte ekimenaren bidez. 

Hamalaugarren ediziora iritsi da aurten Elkar fundazioak bultzatutako ilustrazio eta ipuin lehiaketa. Ekimenak ume zein gazteen artean irakurzaletasuna eta euskararen erabilera bultzatu nahi ditu, "sormen gaitasuna hauspotuz", antolatzaileen hitzetan.

Urte hauetan guztietan "kalitate handiko milaka lan" jaso dituzte, eta aurtengo edizio honetan ere hala izango dela espero dute.

Hiru kategoriatan antolatu dute lehiaketa. Txikienen kasuan, euren erronka izango da Edu Zelaietak eta Txabi Arnalek idatzitako Hiru lehoi ipuina irakurtzea eta ilustratzea. Helduago direnak Alai Zubimendik sortutako ilustrazio batetik abiatu beharko dira ipuin bat idazteko. Hondartza bat agertzen da irudian; oskolen bila ari diren ume bat eta pertsona heldu bat daudelarik. Komiki edo binetaren atalean, euskal pertsonaia baten biografia edota bizitzako pasarte batean oinarritu beharko dira proposamenak.

Haur eta gazteei zuzendutako sariez gain, ikastetxeentzako sari bereziak izango dituzte:   Laboral Kutxak bi ikasgelarentzat saria emango du, eta Irrien Lagunen Klubak ikuskizun batekin sarituko du ikastetxe parte hartzaileetako bat. Lanak aurkezteko epea apirilaren 13ra arte irekita egongo da. Orain pilota ume eta gaztetxoen teilatuan dago, sormena eten ez dadin. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide