Martxoaren 13an abiatuko da Ganbera Zikloa

Erredakzioa 2022ko mar. 2a, 11:19
Apirilaren 10ean izango da Alfonso Gomez gasteiztarra. / Gasteizko Udala

Jesus Guridi musika kontserbatorioan izango dira bederatzi emanaldiak; besteak beste, Alfonso Gomez eta Iñaki Encina gasteiztarrek parte hartuko dute. 

Principal antzokiko Ganbera Zikloak hamaikagarren edizioa du dagoeneko, Jesus Guridi kontserbatorioarekin lankidetzan. Guztira, bederatzi hitzordu izango dira aurten, martxoaren 13tik urriaren 23ra arte, horietako bi abonamendutik kanpo; abonamenduko emanaldiak igandeetan izango dira, 12:00etan.

"Principalen ganbera zikloaren bidez, beste herrialde eta orkestra batzuetan proiekzioa lortu duten edo goi mailako ikasketak egin dituzten euskal musikariak ikusarazi nahi ditugu, gure musikarien maila altua erakutsiz. Principal antzokian egiterik ez dagoen ganbera-musikako proposamenak leku bikain batean eskainiko ditugu, musika kontserbatorioan", azaldu du Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Aurtengo programa datorren martxoaren 13an hasiko da, Lorena Paz Nieto sopranoaren eta Albert Nieto pianistaren emanaldiarekin, eta apirilaren 10ean beste pianista batek joko du, Alfonso Gomez gasteiztarrak; azken horrek El clave bien temperado kontzertua emango du, J. S. Bachen lanez osatua.

Maiatzaren 8an Victoria Ensemble igoko da kontserbatorioko agertokira, eta ekainaren 5ean Iñaki Urquizu tronpa-jotzailea eta Rodolfo Focarelli piano-jotzailea arituko dira. Abonamendutik kanpo, Adriana Gonzalezek eta Iñaki Encinak Luces y sombras antzerki eta lirika ikuskizuna eskainiko dute ekainaren 24an, 19:30ean.

Udazkeneko programa

Uda igaro ondoren jarraituko du programak. Irailaren 11n, Kaina Hirukotearen emanaldia programatu da. Urrian, berriz, hiru hitzordu antolatu dira: hilaren 2an, R. V. Williamsen inguruko kontzertua emango dute Francisco Fernandez-Rueda tenoreak, Andoni Mercero biolin-jotzaile eta concertinoak, Susana Garcia de Salazar piano-jotzaileak eta Trio Nacedo taldeak; hilaren 23an, Gasteizko Udal Musika bandak joko du, Asier Pugaren zuzendaritzapean, eta urriaren 8an, abonamendutik kanpo eta Jalgi jaialdiarekin koprodukzioarekin, Adriana Gonzalez sopranoa eta Iñaki Encina piano-jotzailea arituko dira. 19:30ean izango dira saioak.

Principalen Ganberako Ziklorako sarrerak dagoeneko salgai daude, entradium.com gunean, eta kontzertuak hasi aurretik ere eskuratu ahal izango dira. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide