SDA Factoryko langileak, enpresa hitzarmena berreskuratzeko borrokan

Erredakzioa 2022ko mar. 1a, 11:30

SDA Factory enpresako langileen elkarretaratzea, Gasteizko epaitegietan. / Argazkia: LAB

Irailean, enpresa hitzarmena bertan behera utzi eta Estatuko Metaleko hitzarmena aplikatzeari ekin zion SDA Factory enpresako zuzendaritzak. Langileek erabakia inpugnatu dute epaitegietan, eta Eusko Jaurlaritzak bitartekaritza prozesu bat irekiko du.

Astelehen honetan, otsailaren 28an, plantxak garatu eta ekoizten dituen SDA Factory fabrikako langileek elkarretaratzea egin dute Gasteizko epaitegien aurrean. Izan ere, 2021eko irailaren 30ean, zuzendaritzak enpresa hitzarmena bertan behera utzi zuen alde bakarrez, eta Estatuko Metaleko hitzarmena aplikatzen hasi zen, Arabako Metaleko soldata taulen arabera ordainduta. Horren aurkako inpugnazioa aurkeztu ostean, epaiketa izan dute.

Enpresa batzordeak gogorarazi duenez, B&B Trends taldeak eta SDA Factoryk Gasteizko lantegia bereganatu zutenean, BSHrekin sinatutako hitzarmena aplikatzen zen. "Halere, hasieratik enpresak lan baldintzak murriztu nahi izan ditu, kontzeptu desberdinetan —dibidendutan, maileguetan, zerbitzu kontratuetan— lantegitik 20 milioi euro baino gehiago ateratzen zituen bitartean", salatu dute.

"Pelotazoa gauzatu eta gero, bere ibilbide orria jarraitu zuen: 2021ko uztailean ABLEE bat inposatu zuen, langileen irteerak bultzatu eta irailaren bukaeran hitzarmena bertan behera utzi zuen, beti ere inolako bermerik eskaini gabe eta helburu argi batekin: komiteak lan baldintzen murrizketak onartzea", azaldu dute.

Uztailean ezarritako ABLEE hura baliogabetzat jo zuen epaitegiak, baina, ohartarazi dutenez, zuzendaritzak beste bat ezarri du. "Langileen batzordea tinko mantendu da enplegu duinaren defentsan, bai mobilizazioetan, bai instituzioetan eta baita negoziazioetan ere", azpimarratu dute.

Orain, ordea, Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza prozesu baten atarian daudela azaldu dute, eta "berme argiak" exijitu dituzte "enplegua, jarduera industriala eta lan baldintzak mantentzeko". Argi utzi dute "negoziazio arloan, kalean, instituzioetan eta epaitegietan etorkizuneko enplegu duina lortu arte borrokatuko" dutela.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago